Ezezagun batek besarkatuz gero, ez fidatu
Beasaingo Udaltzaingoak 'besarkada solidarioa' deritzon teknikarekin lapurreta kasu batzuk jazo direla ohartarazi du
Beasaingo Udaltzaingoak lapurrekin adi ibiltzeko eskatu die herritarrei. Besarkada solidarioa deritzon teknika erabiltzen dute: biktima ezagutzen dutela esanez sutsuki hurbildu eta besarkada bat ematen saiatzen dira; une horretan, eskumuturrekoa, katea, erlojua eta baliodun gauzak lapurtzen saiatzen dira.
Udaltzaingoak hainbat gomendio ere eman ditu. Bitxiak nabarmen erakusgai ez eramatea, adibidez. Pertsona asko ibiltzen diren guneetan ibiltzea ere aholkatu dute. Izan ere, lapurrak ibilgu gutxiko tokiak dituzte gustuko eta, ahal bada, herriko irteeretatik hurbil, hanka azkar egiteko. Ezezagunekin ez hitz egitea eta arrazoirik gabeko kontaktu fisikoa nahi dutenekin ez fidatzeko ere eskatu dute. Eta banku-gestioak egitera taldean joatea.
Horrelako ezbeharren bat gertatuz gero, Udaltzaingoarekin (943 02 80 80) edo Ertzaintzarekin (943 53 88 20) lehenbailehen harremanetan jartzea gomendatzen da.