Itaiak hitzaldi zikloa antolatu du
Gaur zortzi ekingo diote, Zaldibian. Beasainen, Legazpin eta Ordizian ere elkartuko dira
Goierriko Itaiak indarkeria matxistaren inguruko hitzaldi sorta antolatu dute. Apirilaren 14an ekingo diote zikloari, Zaldibiako udaletxean, 18:00etan. Indarkeria matxistak emakume langile eta burgesengan hartzen duen forma ezberdinaz arituko dira, indarkeria matxistaren bi aurpegi: emakume langilea vs. emakume burgesa lemapean; 19an, Beasainen, indarkeria matxistaren aurrean instituzio burgesek dituzten mugen inguruan hitz egingo dute. Gizarte Langile eta EHUko unibertsitateko emakume taldeetako ordezkariak izango dira saioan; 22an, Legazpin, indarkeria matxistak buruko osasunean duen eragina aztertuko dute psikologo baten laguntzarekin; eta biharamunean, Ordizian, defentsa ikastaroa egingo dute zikloa borobiltzeko.
Itaiak Indarkeria matxistari aurre egiteko asanblada irekiak sortu ditu Beasainen, Ordizian eta Goierri Garaian “antolakuntza independentearen aldeko apustua” egiteko. “Gure kabuz ekitea besterik ez dugu, indarkeria matxistari aurre egiteko antolatu behar gara, horri erantzuteko jaio dira Defentsa Taldeak, auzi sozial honi dagokion antolakuntzaz aurre egiteko eta bitartekoak sortzen hasteko asmoz”, zehaztu dute. Izan ere, azken hilabeteetan egindako azterketatik “garbi” ondorioztatu dute “instituzioek indarkeria matxistaren aurrean martxan jarritako erremintek hutsune nabarmenak dituztela”. “Emakume langileok jasaten ditugun zapalkuntzak gainditzeko borondate errealik ez dutela”, gaineratu dute.
Emakume langileek pairatzen dituzten indarkeria forma ezberdinak “garatu”, “indartu” eta “normalizatu” egin direla ere ohartarazi dute.