Aizkorpeko bost udalek Zatoz kirolera! ekimena jarri dute martxan
'Zatoz kirolera!' ekimena antolatu dute Zegamako, Segurako, Mutiloako, Zeraingo eta Idiazabalgo udalek elkarlanean, Aizkorpeko gaztetxoen jarduera fisikoa bultzatzeko
Zegamako, Idiazabalgo, Segurako, Mutiloako eta Zeraingo udalek Zatoz kirolera! ekimena jarri dute martxan, Aizkorpeko gaztetxoen jarduera fisikoa sustatzeko helburuz. Eskola kirola bukatzean herri txikietako gazteen kirol jarduera jaisteko arriskua dela eta, ekimenaren bidez aukera berriak eman nahi dizkiete gazteei. DBH 1 eta 2. mailako ikasleei zuzendutako hiru jarduera antolatu dituzte apirilerako, maiatzerako eta ekainerako.
Seguran izango da aurreneko ekintza. Apirilaren 30ean orientazioa landuko dute gazteek herrian barrena. Maiatzaren 14an, berriz, Idiazabalen boleibolarekin gozatzeko aukera izango dute, eta ekainaren 11n, eskalada eta mendi jarduerak egingo dituzte Zegaman. Lineako autobusak izango dituzte erabilgarri herri batetik bestera joateko, dohainik. Udal bakoitza arduratuko da bere herriko gazteen bidaia ordaintzeaz.
Parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute, QR bidez. Idiazabalgo Udaleko webgunean edo karteletan aurki daiteke. Jarduera bakarrean, bitan zein hiruretan eman daiteke izena. Ekintza bakoitza baino bi egun lehenago amaituko da epea.
Eskola kirolik ez
Lehen Hezkuntzako 6. mailan amaitzen da eskola kirola eta, hortaz, DBHra salto egiten duten ikasleek ez dute aukerarik izaten eskola kirolean jarraitzeko. Hori abiapuntu hartuta jarri dute martxan egitasmoa. Oraingoz hiru jarduera puntual izango dira, eta kirolaren bidez harremanak sendotzea, lagun berriak egitea eta ondo pasatzea izango dute helburu, Izarra Urdalleta Segurako alkateak azaldu duen bezala: «Gazteak haien artean harremantzen jarraitzeko aukera da, kirolaren aitzakiaz».
Aizkorpeko herri batzuetan zein inguruko herrietan futbola edo saskibaloia bezalako kirolak praktikatzeko aukera izaten dute gazteek Lehen Hezkuntza uzterakoan, baina ez-ohikoagoak diren kirolen eskaintza murritzagoa da. Horregatik aukeratu dituzte orientazioa, boleibola eta eskalada eta mendia, herriaren arabera. «Herri bakoitzak bere ezaugarriak ditu».
Orientazio zirkuituan
Seguran iazko martxoan estreinatu zuen orientazio zirkuitu iraunkorra Gipuzkoako Orientazioa Taldeak, Segurako Udalaren eta Goiturren laguntzarekin. Zirkuitu horretan ibiliko dira izena ematen duten gazteak jolasean, mapa eskuan hartuta, hilaren 30ean, Aste Santuko oporretatik itzuli ondoren.