Zerorantz, artez beteta
Alex Mendizabal eta Pedro Castelo 'Peito' artistek 'Bibatzero' aktuazioa egingo dute, larunbatean, Lazkaon. Egun guztirako erakusketa kontzertatua da, Hirigoien kaleko eskolatxoan, doan.
Arte sorkuntzaren erakusleiho bihurtuko dute Lazkaoko Hirigoien 26ko eskola eraikin txikia, larunbatean. Pedro Castelo Peito lazkaotarrak eta haren lagun Alex Mendizabal donostiarrak Bibatzero instalazio artistikoa jarriko dute, 12:00etatik 20:00etara, etenik gabe. Sarrera doan eta libre izango du, nahi duenak sartu-irtena egiteko.
Instalazio kontzertatua deitu dute, bi artistek sortutako pieza banaren osagarri, musika izango delako beste osagai bat —Mendizabal musikaria eta musikagilea da—. «Instalazio kontzertu bat izango da, Peito Casteloren eta neronen artean egina. Bibatzero horregatik izendatu dugu: bi gara, baina gauza bat izango da. Eta Lazkaoko posta kodearekin ere jolastuz, 210 bukatzen baita», azaldu du Alex Mendizabalek.
Eskolatxoaren barruan, Peitok egindako artelanak intzentsua izango du ardatz, zeremonia ukitua eman diona. «Intzentsuarekin zerikusia duen gauza bat egongo da, Peitok egingo duena. Zeremonialarena hortik dator, baina zentzu zabal batean. Programa bat egongo da, 12:00etan hasi eta 30 minuturo, gutxi gora-behera, piztuko dira.
Bi piezetako bat plastiko handi batekin osatutakoa da, barruan beste bat daukana.
Liburuxka, osagarri
Ikusleek nahi dutenean eta nahi bezainbeste denborarako sartu ahalko dute. «Iradokitzen dienaren arabera, minutu bateko egonaldia izan liteke, edo ordu erdikoa, edo hiru ordukoa; nahi adina», gehitu du Mendizabalek.
Liburuxka bat ere argitaratu dute Castelok eta Mendizabalek, Bibatzero instalazioaren harira, 16 orrialdekoa. Erakusketaren osagarri modura editatu dute.
Bi artisten harremana aspaldikoa da. Azken aldiz, iazko udazkenean Berlinen egon ziren elkarrekin biak. Egonaldi haren ondoren sortu zitzaion Peitori Lazkaon Paralelo konbergenteak instalazioaren ideia, abenduan astebetez herriko hainbat lekutan pieza txikiekin hornitua.
Alex Mendizabal musikaria eta egilea (Donostia, 1961), bere aldetik, atzerrian bizi da aspaldidanik, baina Euskal Herrian dabil asteotan, estreinatu berri duen aitona paperean. Berrogei urtean Erroman bizi izan da, eta Alemanian kokatu du bizilekua azken aldian.