Elkartasun bidaia baten kronika
Poloniatik iritsi berriak dira Mikel Gurrutxaga legazpiarra eta Manu Tamayo azkoitiarra. Autokarabanak hartuta, joanekoan Ukrainako errefuxiatuentzako materiala eraman dute eta itzulerakoan, bi familia ekarri dituzte.
Mikel Gurrutxaga legazpiarra eta Manu Tamayo azkoitiarra askotan ibiliak dira elkarrekin oporretan, autokarabanekin. Oraingoan ere autokarabanak hartu eta bidaia bat egin dute, baina elkartasun helburu argi batekin. Poloniara joan dira Ukrainako errefuxiatuentzako materiala eramatera, eta bi familia ekarri dituzte handik Gipuzkoara.
Martxoaren 20tik 29ra arteko bidaia izan da, guztira bederatzi egunekoa: bi egun joateko, beste bi etortzeko, eta Polonian bost eguneko egonaldia. Joan-etorrian ia 4.900 kilometro egin dituzte eta 1.500 euro inguru gastatu ditu bakoitzak, azkoitiarren eta legazpiarren ekarpenekin ordainduta gehiena; itsulapikoak jarri eta diru bilketa egin dute hainbat tokitan. Hori da elkartasun bidaia honen laburpena, eta emaitza, Ukrainatik ihesi ateratako zortzi pertsona Gipuzkoan salbu izatea.
Prestakuntzak
Poloniatik itzuli eta egun batzuetara kontatu du bidaiaren kronika Gurrutxagak. Hara joatea nola bururatu zitzaion azaldu du hasteko. «Telebistan ikusten nuen kotxez ari zela joaten jendea, errefuxiatuak ekartzeko. Eta orduan pentsatu nuen, ni txoferra naiz, lanetik libre nago eta autokarabana dut, zergatik ez?». Tamayok ere ideia berbera zuela ikusita, aurrera egin zuten.
Antolaketa lanak izan ziren lehenik. Ibilbidea prestatu, eta Azkoitiko Caritasek bildutako materiala eramateko konpromisoa hartu zuten. Joaneko bidaia antolatuta zuten dagoeneko. Baina itzulerarako, jendea ekarri ahal izateko tramiteak egiten lagunduko zien Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkartera jo zuten. Ukrainar errefuxiatuekin ari dira lanean Polonian, Katowice hirian, Azkoitiko materiala eraman behar zuten lekutik gertu. Hura ere, konponduta.
Bidaia eta egonaldia
Martxoaren 20an atera ziren, karabanak kargatuta, eta 22an iritsi ziren. Bost eguneko egonaldia egin zuten bertan. Izan ere, Galdakaoko boluntarioek hona ekartzeko familia baten berri eman zieten, eta familia hura ekartzekotan geratu ziren, baina haietako bat, Katerina, ospitalean zegoen, eta alta eman arte itxarotea erabaki zuten. Azkenean, ezin gehiago itxaron eta Katerina gabe etorri ziren. Familia horretako bost kide ekarri zituzten Tamayoren autokarabanan: Svetlana ama, hiru alaba, eta biloba bat, Katerinaren umea.
Bigarren familia bat ere ekarri zuten, Chernobilgoa: Tania ama eta bi seme-alaba gaztetxoak. Horiek Gurrutxagaren autokarabanan etorri ziren.
Itzulerako bidaia
Gurrutxagak gogoratzen duenez, itzulerako bidaian oso lagungarria izan zen Taniaren alaba, Alina. Izan ere, txikitan Irunen egondakoa zen elkartasun oporraldietan, eta gaztelaniaz ondo hitz egiten zuen. Familia hori Irunen geratu da, Alinaren harrera amaren etxean. Bi familiak elkartu zirenean, bidaian zehar gordetako emozio guztiak askatu zituen.
Manu Tamayok ekarri zuen familia Hernanin geratu da. Elkartasun bidaiaren kronika kontatzen ari zen unean bertan telefono dei bat jaso zuen Gurrutxagak, Katerina hegazkinez Bilbora iritsi berria zela esateko. Familia osoa elkartuta dago dagoeneko, Ukrainan geratu diren gizonezkoak kenduta.
Itzultzeko gogoz
«Esperientzia mundiala izan da. Inoiz gertatu zaidan gauzarik ederrenetakoa. Bihar bertan itzuliko nintzateke berriz ere», dio Gurrutxagak Legazpira itzuli eta egun batzuetara. Ukrainako bi familia horiekin harreman sendoa eraiki dute, eta inoiz ahaztuko ez dituzten uneak bizi dituzte elkarrekin.
Orain, ez dute harreman hori galtzeko asmorik, eta aurreko igandean bezala, elkar ikusteko topaketa gehiago egingo dituzte.