Konplizitatea, bertsolagun bikaina
Goierriko sei bertsolarik gozatzeko moduko bertso saioa egin dute gaur Ataungo Herri Antzokian, Etxerat elkarteak antolatuta. Aitzol Barandiaranek jarritako gaiekin aritu dira kantuan, umorezko bertsoaldiak nahiz serioak tartekatuz.
Aspaldian ikusi gabeko irudi bat ikusi da gaur Ataungo Herri Antzokian. Etxerat elkarteak bigarren aldiz antolatu duen bertso jaialdian, sei bertsolari goierritarrek egin dute kantuan: Eneko Araiztegi segurarra, Aratz Igartzabal gabiriarra, Iban Urdangarin ataundarra, Iker Zubeldia zegamarra, Maialen Akizu –Araman bizi den urretxuarra– eta Aitor Sarriegi beasaindarrak. Gai jartzen beste goierritar bat, Aitzol Barandiaran ataundarrak. Konplizitatea eta elkar ezagutzea bidelagun onak direla erakutsi du seikoteak oholtzan, eta bildutako bertsozaleei gozatzeko moduko saioa eskaini diete.