Xabat Illarregik irabazi du IX. Osinberde saria
Entzuleen ere saria ere bertsolari leitzarrarentzat izan da. Illarregirekin batera Aitor Tatiegi oñatiarra sailkatu da Gabiriako Osinalderako, han abestuko duen seikotea zehaztuta utziz. Sei bertsolariek Patxi Iraolaren 'Naizen apurra' liburuaren ale bana jaso dute, baita oroigarri bat ere. Iraola zaldibiarra izan zen Osinaldeko lehen irabazlea.
Xabat Illarregi leitzarrak irabazi du gaur arratsaldean Zaldibiako Herri Antzokian jokatu den bertsolari gazteentzako IX. Osinberde saria, eta horrenbestez, apirilaren 23an Gabirian jokatuko den 50. Osinalde Sarian abestuko du. Haren batera, eta epaimahaiak hala iritzita, Aitor Tatiegi oñatiarra izan da Osinalderako bigarren txartela lortu duen bertsolaria. Berrogei lagun inguru elkartu dira bertsoak entzutera, eta haien botoak zenbatuta, Illarregik jaso du Entzuleen saria. Gai-jartzaile lanetan Zaldibiako Bertsozale Elkarteko (Zabel) Joxi Irastortza aritu da.
Bi sailkatuekin batera Mutinibarko Lurdes Ondaro, Portugaleteko Asier Alcedo, Aramaioko Aitor Ugarte eta Lasarteko Lierni Rekondo jardun dira kantuan. Illarregi nabarmendu egin da saioaren hasieratik, bai ideiaz bai kantueraz, baina bigarren posturako borroka estuagoa izan da. Sei bertsolariek Zabel elkarteak prestaturiko oroigarri bana eta Patxi Iraolaren Naizen apurra liburuaren ale bana jaso dute opari. Iraola bera izan zen Osinaldeko Sariko lehen irabazlea.
Gabiriako seikotea erabakita
Osinberdekoa zen Gabiriako 50. Osinaldeko Sarirako hirugarren eta azken kanporaketa. Xabat Illarregi eta Aitor Tatiegirekin batera, Unai Izagirrek eta Aner Peritzek (Aztiri Sariaren sailkatuak), eta Ane Zuazubiskarrek eta Oihana Aranak (Argi Berri Sarian sailkatuak) kantatuko dute Osinalden. Kanporaketak ez, baina Gabiriako bertso-afari moduan egingo dute.