Carlos Moran, hirugarren ultrafondoko 24 orduko lasterketan
215,084 kilometro egin ditu zegamarrak Burjassot-en (Valentzia) ospatutako ultrafondoko jaialdian.
Carlos Moran lasterkari zegamarrak (Zamora, 1960) hirugarren postua lortu du asteburuan Burjassot-en (Valentzia) ospatu den ultrafondoko jaialdiko 24 orduko lasterketan. 215,084 kilometro egin ditu, larunbateko 12:00etan hasi eta igandeko 12:00ak arte korrika ibili ondoren. Sailkapen orokorrean egin du hirugarren Moranek, adin ezberdinetako lasterkariekin. Lehenengo postua 50 urteko Tenerifeko Eduardo Cebrianek lortu du, 242,152 kilometro eginda, eta bigarren postua, berriz, Albaceteko 30 urteko Ivan Penalbak, 219,728 kilometro osatuta. Gustora agertu da zegamarra egindako lanarekin: “Marka hautsi ez badut ere, 200 kilometroak pasa ditut eta pozik nago”. Aurreneko laurek soilik lortu dute 200 kilometro baino gehiago egitea. Eguraldiak ez du lagundu, beroa egin duelako eta hezetasuna ere handia izan delako. “Gorputzak azkenean nabari du hori. Egunean zehar 24 gradu eta %90 hezetasuna izan dugu. Gaua hobea izan da, 13-14 gradu izan baititugu”. Kilometro bateko zirkuituan osatu dute lasterketa, 180 graduko bi birekin. “Aldaketa horiek kaltegarriak dira hankentzat”.
Abenduaren 11n 12 orduko modalitateko munduko errekor berria ezarri zuen Can Dragó-n (Bartzelona), pistan, 60 urtetik gorakoen mailan. Zalantza du adina dela eta horrelako lasterketa gehiago egingo dituen: “Errealitatea da aukera gutxi geratzen zaizkidala, gorputzari kasu egin behar zaio”. Egingo duen hurrengo lasterketa Zegama Aizkorri mendi maratoia izango da, maiatzaren 29an. “Helburu finkorik gabe, giroaz gozatzera” joango da.