Hiru atxilotu Ordiziako Gureak lantegian lapurreta egiten saiatzea leporatuta
Ertzaintzak esan du bertaratu direnean atea zabalik eta hiru kobrezko bobina atarian zeudela. Odol arrastoak ere aurkitu dituzte eta inguruak miatu dituztenean hiru susmagarri aurkitu dituzte.
Ordiziako Mallutz kalean Gureak lantegian lapurreta egin dute goizaldean. Lantegian zeuden kobrezko bobinak eramaten saiatu dira. Ertzaintzaren prentsa zerbitzuak jakinarazi du, goizaldeko ordu bata baino lehentxeago, Ertzaintzaren laguntza eskatu dutela Ordiziako (Gipuzkoa) enpresa bateko alarma-intrusioa egiaztatzera joateko. Enpresara iritsi diren lehenengo agenteek egiaztatu dute sarrerako atea behartuta zegoela eta kanpoaldean hiru kobre-bobina zeudela. Bestalde, sarrerako atean oinetako marka bat eta odol arrastoak ere aurkitu dituzte.
Ertzaintzak helarazi duenez, bertaratu den beste patruila batek handik laster aurkitu ditu inguruan eskuetan odol-arrastoak zituzten hiru susmagarri. Antza denez, horietako baten oinetakoaren arrastoa bat zetorren enpresako sarrerako atean aurkitutako markarekin. Ebidentzia horien aurrean, susmagarriak indarra erabiliz lapurreta egitea leporatuta atxilotu dituzte. 21 urtetik 23 urtera bitarteko hiru gazte dira atxilotutakoak. Momentuz ez dute datu gehiago zabaldu.