Maiatzaren 14an izango da aire zabaleko II. pintura lehiaketa
Partaideen sormenaren bidez herriko ondarea jasotzen duten pintura lanak bildu nahi ditu udalak.
Maiatzaren 14an ospatuko da Idiazabalgo aire zabaleko II. pintura lehiaketa. Iazko lehenengo edizioaren harrera ona ikusita, Idiazabalgo Udalak bigarren edizioa antolatzea erabaki du. Lehiaketaren bidez, herriko ondarea jasotzen duten pintura lanak bildu nahi dituzte, partaideen sormena baliatuta. Hiru kategoria egongo dira, iaz bezala. A kategoria, 16 urtetik gorakoena, 9:00etan hasiko da, eta B kategoria, 13-15 urte bitartekoena, zein D kategoria, 9-12 urte artekoena, 10:00etan. Partaide guztiek 15:00ak baino lehen aurkeztu beharko dituzte egindako margolanak.
Lanen teknika zein materiala librea izango da, eta parte hartzaileek haien materiala eraman beharko dute. Lanen orijinaltasuna, kalitatea, diseinua eta zailtasun maila izango dute kontuan baloratzerakoan. Argazkiak ere erabili daitezke margotzeko, baina epaimahaiak gehiago baloratuko du zuzenean margotu dena. Ondoren, lehiaketan aurkeztutako obra guztiak udaletxean jarriko dituzte ikusgai maiatzaren 22ra arte.