Udalerri Euskaldunen Eguna ospatuko da maiatzaren 14an Seguran
Egun osoko egitaraua antolatuko dute Segurako Udalak, herriko eragileek eta Uemak. Bazkarirako izena eman daiteke.
Seguran izango da aurten Udalerri Euskaldunen Eguna, maiatzaren 14an. Lau urteren ondoren, Euskara aiden! lelopean egingo da udalerri euskaldunen lana ospatzeko topaketa. Honela, Segurako Udala, herriko eragileak eta Uema buru-belarri ari dira eguna antolatzen. Maiatzaren 5ean Seguran egingo dugun agerraldian emango dute egitarau osoaren berri, eguneko kantua eta bideoa aurkeztearekin batera.
Uemako herriena ez ezik, “gainerako udalerri euskaldunen bilgune ere izaten da Udalerri Euskaldunen Eguna. Martxoan kale erabilera datuak aurkeztean nabarmendu genuen bezala, euskaldunen dentsitatea eta trinkotasuna oso garrantzitsua da euskara erabiltzeko, eta hori da, hain justu, udalerri euskaldunek euskararen normalizazioan jokatzen duten rol garrantzitsuenetako bat. Datuek erakutsi dute, oro har, mantendu egin dela euskararen kaleko erabilera azken urteetan, baina ezagutza gehieneko herrietan zerbait behera egin duela. Ezin da pentsatu, beraz, euskaldun dentsitate handieneko eremuak arriskurik gabe daudenik. Beharrezko izaten jarraitzen du, azken urteetan egin bezala, udalerri euskaldunen eta arnasguneen berariazko aitortza egiteak”.
Bazkarirako izen ematea, irekita
Uemaren batzar nagusiarekin batera, egun osorako egitarau zabala izango dela aurreratu dute. Besteak beste, bazkari herrikoia egingo dute Segurako Iparra-Hegoa elkartearen eskutik. 18 euroan izango da helduentzako txartela, eta 6 euroan haurrena. Ondoko helbidera idatzi behar da bazkaritarako lekua hartzeko: administrazioa@uema.eus. Glutenik gabeko menua edo begetarianoa behar izanez gero, aipatu mezuan.