Oporretarako plan ugari
Urola Garaiko Turismo Bulegoak eskaintza berezia kaleratu du. Gertuko bisitariak espero ditu batez ere, eta aurreikuspena ona da. Ohiko baliabideez gain, hiru proposamen berri egin ditu
Antioko interpretazio zentroan egoitza duen Urola Garaiko Turismo Bulegoko arduradunek azaldu dutenez, «badirudi Aste Santu honetan jendea ez dela oso urrutira joango, eta gertuko turismoa egingo dela». Gertuko horiei zuzenduta, baina urrutitik datozenak ere kontuan hartuta, inguruko turismo altxorrak ezagutarazteko eskaintza berezia kaleratu du. Datozen opor egun horietarako «aurreikuspena ona da».
Aurtengo Aste Santuari baikor begiratzeaz gain, berritasunekin ere helduko diote. Lehena, betiko eskuorriak ordezkatzera datorren sistema izango da. Bisitarien artean, QR kode bat duen txartel bat banatuko dute, eta bertan izango dute eskura behar duten informazio guztia.
Berritasun gehiago ere badago, ohiko eskaintza handitu egin delako. Antioko interpretazio zentroko Urola Garaia Serendipia erakusketa, Igartubeitiko Egin ezazu zure sagar zukua esperientzia sentsoriala eta Legazpiko Fabrika gunea berriak dira.
Betiko baliabideak
Goierri garaiko betiko baliabideen artean, Ezkioko Igartubeiti baserri museoa dago, eta egunero egongo da zabalik datozen egunetan.
Legazpin ere izango da zer egin, eta Mirandaolako burdinola martxan ikusteko aukeraz gain (hilaren 15, 17 eta 24an), Euskal Burdinaren Museoa, Txillida Lantokia, 1950eko eskola eta Brinkolako Ogiaren Txokoa eta Igaralde errota bisitatu ahal izango dira. Ormazarreta zalditegiak ere ekintza bereziak antolatu ditu Aste Santurako.
Urretxun, Iparragirrere ibilbidea modu librean egiteko eskaintza egin dute, eta Urrelur museoa zabalik izango da Pazko Astean. Bestetik, hilaren 20, 21 eta 22an aisia eta kirol ekitaldiak egingo dituzte Santa Barbaran
Amaitzeko, Zumarragan Antioko baseliza egunero egongo da irekita eta bisita gidatuak egingo dituzte. Interpretazio Zentroko erakusketa iraunkorra ere egunero egongo da ikusgai, eta hilaren 18an, Pazko Astelehenean, jai giroa nagusituko da Antion. Haurrentzako jokoak, herri kirolak, trikitilariak eta txokolate jana egongo dira.
Eskaintza zabal honi buruzko informazio gehiago eta zehatzagoa www.urolagaraia.eus webgunean aurki daiteke.
Proposamen berriak
Urola Garaiko Turismo Bulegoak erakusketa batean bildu ditu lau herrietako baliabide turistikoak. Urola Garaia Serendipia izenburupean, bost panel osatu ditu baliabide guztien argazkiekin. Interpretrazio Zentroan daude, eta bisitarien arreta lortzea dute helburutzat, erakusketa ikusi ondoren beste tokiak ezagutzera joan daitezen.
Erakusketa hori da Aste Santuari begirako berritasunetako bat, Igartubeiti baserrian eskainiko den Egin ezazu zure sagar zukua esperientzia sentsorialarekin batera. Sagardoa egiteko prozesua zuzenean bizitzeko aukera izango dute bisitariek, eta txikienei begira batez ere, joko batean oinarrituta baserria ezagutzera emateko bisita berezia ere eskainiko dute.
Legazpiko Fabrika museo berria ere sartu dute Aste Santuko eskaintzan. Txillida Lantokiaren eraikin berean dago, eta hori bezala, Lenbur Fundazioak kudeatzen du. Euskal industrializazioaren historia azaltzea da bere helburua, eta betiko dokumentu eta argazkiekin batera, inguruko enpresek egiten zituzten produktuen bilduma jasotzen du.
Ataun eta Ordizian ere Aste Santurako proposamenak
Ataungo Barandiaran Museoan eta Aralarren izango da zer egin Aste Santuan. Bisita gidatu bereziak egingo dituzte museora eta errotara hilaren 14, 15, 17 , 18, 23 eta 24an. Hilaren 16an, familiei zuzendutako Jentilen lurraldean iparra non ote? mitologia orientazio jolasa egingo dute. Eta amaitzeko, Lizarrustiko paisaia ehundu duten zuhaitz magikoak ezagutzeko ibilaldi gidatua egingo dute hilaren 24an. Izena emateko: 943 01 83 35 – 688 895 069.
Ordizian, bisitak eta esperientzia gastronomikoak uztartu ditu D’elikatuz zentroak Aste Santurako. Hiru dira eskaintzak: D’elikatuz zentrora bisita gidatua eta Idiazabal gazta dastaketa; Ordiziako azoka, iragana, oraina eta etorkizuna ibilbidea asteazkenetan; eta Idiazabal gaztaren eta sagardoaren ibilbidea. Izena emateko: 943 88 22 90.