Greba mugagabeari ekingo diote hilaren 25ean Irizar e-mobilityko langileek
Negoziazio mahaia martxan jarri zenetik 4 hilabete pasa direla eta eskaerak behar bezalako erantzunik izan ez duela agertu dute. "Negoziazioa baldintzatu dute beraien itun proposamena onartzera behartuz".
Irizar e-mobilityko langileek greba mugagabeari ekingo diote apirilaren 25ean. 5 urte dira Irizar S.Coop-ek Adunan Irizar e-mobility izenean S.L izaera duen enpresa sortu zuela. Urte horietan ia 300 langileko enpresa izatera iritsi da, eta enpresa handienekin parez pare lehiatzen du. “Hau guztia ez zen posible izango langileen konpromisorik gabe. Tamalez Irizar Taldea gidatzen duen Irizar S. Coop-ek ez ditu taldeko langileak haien burua bezain ondo zaintzen eta honen ondorio zuzena da 70 langile inguruk beste enpresetara alde egitea”, agertu dute langileek.
Hastapeneko urteetan ekoizpenaren desordena “ulergarria” izan zitekeela diote, baina gaur egungo baldintzek antzera jarraitzen dutela azpimarratu dute: “Lan baldintzek langileen sumina pizten doaz. Ikusten dugu nola azken urteetan produkzioa 6 bider handitu den, nola kartera handituz doan produkzio erritmoa behin eta berriz handitzera behartuz eta nola langileen eskubideak eta lan baldintzak bide ertzean estankatuak ditugun”.
Aurten “enpresako ituna negoziatzeko urtea” da, baina 4 hilabete pasa dira negoziazio mahaia martxan jarri zutenetik eta zuzendaritzak “ez dio langileen eskaerari behar duen garrantzia ematen”: “Gutxi balitz, negoziazioa baldintzatu dute beraien itun proposamena onartzera behartuz”. Jarrera horiengatik, hilaren 25ean grebara joko dute, amaiera data zehatzik gabe. Lan berdinagatik soldata berdina izatea, irteeretarako denentzako baldintza duina eta berdinak izatea, esfortzu gehigarriak konpentsatzea, langile guztien bizitza pertsonala eta kontziliazioa bermatzea eta hitzarmenaren azpitik puntu bat ere ere ez egotea eskatzen dute langileek.