Kirol ekitaldiek toki nabarmena hartuko dute Santikutz jaietan
Pilota txapelketa herrikoiaren finalean jendetza espero da. Maiatzaren 6an eta 7an, Espainiako xake txapelduna izango da Legazpin. Goitibeheren Euskal Kopa, 7an.

Hamabost egun besterik ez dira falta Santikutzak hasteko, eta egitaraua osatuta du jai batzordeak. Ohiko egitaraua izango da, betiko ekitaldiak itzuliko dira Legazpiko festetara bi urte ondoren, eta horiekin batera, kirolak toki nabarmena hartuko du.
Pilota, txirrindularitza, xakea, goitibeherak eta bolak izango dira aurtengo kirol hitzorduak. Nabarmentzekoak dira xakea, Espainiako txapelduna gonbidatu dutelako, eta goitibeherak, Euskal Koparako baliagarria izango delako Legazpiko proba.
Pilotako finala jendetsuak
Pilotak irekiko ditu Santikutzetako kirolak. Hiru hitzordu izango dira Urbeltz pilotalekuan, horietako bat maiatzaren 3an, profesional mailako ohiko partide- kin; kartelera ordaindik zehaztear dago.
Apirilaren 30eko hitzorduak herriko pilotariekin izango dira. Goizean, haurren 12. txapelketaren finalak jokatuko dira, eta arratsaldean, txapelketa herrikoiaren finalak. Biak Legazpiko Gazteak klubak antolatutakoak dira, eta bietan jendetza espero da, batez ere arratsaldeko partidetan, kuadrillen bazkariaren ondoren jokatuko direlako.
Txapelketa herrikoian 39 bikotek hartu dute parte, eta finalaurrekoak hilaren 22an jokatu dira, 22:00etan hasita. Olaizola-Aierbe eta Aztiri-Lakiola neurtuko dira batetik, eta Fiti-Esku eta Anartz-Xabat bestetik.
Klasikoa, aldaketekin
Egutegian aurrera eginda, txirrindularitzarekin da hurrengo hitzordua festetan, maiatzaren 1ean. Telleriarteko Txirrindulari Elkartearen eskutik, Santikutz Klasikoa jokatuko da goizean.
Probaren ibilbidea aldatu dute eta aurten ez dira Azkoitira joango. Bestela, betiko lasterketa izango da, eta Espainiako afizionatu mailako txirrindulari onenen partaidetza izango du, 25 talde guztira, horietatik bost antolatzaileek gonbidatutakoak.
Partaideen artean Mikel Mujika eta Ander Ormazabal legazpiarrak aipatu behar dira. Goierritar gehiago ere izango dira: Nikolas Alustiza, Aner Arozena eta Alex Diaz zumarragarrak; Iker Barandiaran eta Aimar Ruiz de Larramendi lazkaotarrak; Xabier Intxausti segurarra; Aimar Aiestaran zaldibiarra eta Aratz Guridi beasaindarra.
Espainiako xake txapelduna
Maiatzaren 1ean ere eta Santikutz elkarteak antolatuta, bakarkako xake txapelketa jokatuko da, suitzar erara.
Baina xake klubak beste hitzordu bat ere jarri du maiatzaren 6rako eta 7rako, goi mailako hitzordua gainera. Legazpiko xake elkarteak Eduardo Iturrizaga Espainiako txapelduna gonbidatu du Legazpira egun horietarako, eta larunbatean, 7an, beste 40-50 xake jokalarien kontra aldibereko partiden erakustaldia egingo du.
Danantzakorekin, bolak
Bolak ere ezinbestekoak dira Santikutzetan, eta aurten ere izango da kirol hori, Danantzako klubak antolatuta. Maiatzaren 1ean Gipuzkoa eta herri mailako txapelketa jokatuko da, Mauleon hotelaren ondoko bolatokian.
Eta hurrengo egunean, haurrek eta gaztetxoek izango dute kirol horretan lehiatzeko aukera.
Goitibeherak, Euskal Kopa
Maiatzaren 3an, bestalde, sputnik gotibeherak probatzeko aukera izango dute legazpiarrek San Ignazioko aldapan, eta 7an, Euskal Kopari hasiera emango dion lasterketa jokatuko da Aztiriako bidean, Maldan Behera elkarteak antolatuta.
Bi kilometroko ibilbidea izango da, bost modalitateko ibilgailuentzako: neumatikoak, europarrak, uretanozko gurdildunak, errodamenduzkoak eta libreak. Izen-ematea doakoa da, baina asegurua ordaindu behar da (10 euro, legazpiarrek dohainik). Izen-ematea irekita dago, eta 40-bat partaide espero dira.