Urbiako eta Altzaniako altxorrak agerira atera ditu Burdinolak liburuan
Gipuzkoako eta Arabako Partzoneriari buruz orain arte egindako lanik osatuena da. Erakundearen balio historikoa nabarmendu nahi dute. Apirilaren 26an da aurkezpena.
Burdinola elkarteak proposamen berri bat egin du Aste Santuko oporren ondorengorako. Apirilaren 26an, asteartea, Urbia eta Altzaniako mortuak. Arkeologia, historia, mugarriak eta toponimia izenburuko liburua aurkeztuko du Legazpiko Kultur Etxean, 19:00etan. Burdinolak berak koordinatuta eta Arkeolan Fundazioak sustatuta, Angel Martinezek, Mertxe Urteagak, Jose Rodriguezek, Joseba Alonsok, Aitor Azpiazuk eta Jose Luis Ugartek Gipuzkoako eta Arabako Partzoneria ardatz hartuta egindako lanaren emaitza da.
Egileetako bat den Jose Rodriguez arkeologoak eta EHUko irakasleak azaldu duenez, orain arte Partzoneriaz egindako ikerketarik osatuena da. «Lan nahiko aberatsa da, gai ugari jorratzen dituelako: historia, ondare arkeologikoa eta kulturala, toponimia, ahozko iturriak, dokumentazioa, mugarriak… ».
Liburua mardula da, 500 orrialdetik gorakoa, argazkiz eta hainbat mapaz osatutakoa.
Erakunde «oso konplexua»
Segurako artxibategian gordeta dagoen Partzoneriako dokumentazioaren ikerketarekin abiatu zuten lana duela hiru urte. «Hustuketa latza izan zen, oso konpletoa, 500 espediente idatzi baino gehiago aztertu genituen, eta urte oso bat behar izan genuen», gogoratu du Rodriguezek.
«Politikoki eta administratibo oso konplexua» den Partzoneriaren historia jaso eta idatzi eta gero, ikerketa beste gai batzuen lanketarekin osatu zuten. Besteak beste, jaso dituzte «eguneko paisaian eta lurraldean kontserbatzen diren hainbat elementu kultural: bordak, sarobeak, etxolak, mugarriak, aztarnategi arkeologiak…».
Partzoneria XV. mendetik datorren erakunde komunitarioa da, «1401ean sortu zen ofizialki», eta gaur egun indarrean dago. Horren garapen juridikoari ia kapitulu oso bat eskaini diote liburuan, eta beste zati handi bat bertan historian zehar garatu den ustiapen ekonomikoari: «Abeltzaintza eta basogintza, batez ere, baina baita harrobiak eta elurzoluak ere, adibidez».
Rodriguezek dioenez, gaur egun inguru hori «parke natural bezala ikusten dugu bakarrik, baina ahaztu egiten dugu ustiapen lurralde komunitario oso konplexua dela eta 600 urtetik gora dituela. Ildo ekonomiko hori, eta kulturala eta historikoa gehienetan ahaztu egiten dugu». Liburuarekin, aitortza egin diote Partzoneriari, erakunde historiko gisa duen garrantziagatik.