Iker Barandiaran txirrindulari lazkaotarrak garaipena lortu du Duranan
Iker Barandiaran txirrindulari lazkaotarrak esprintean irabazi du Duranako Eusebio Velez Garaikurra. Xabier Berasategi olaberritarra hirugarren postuan helmugaratu da.
Euskaldun txapelketako zortzigarren proba puntuagarria ospatu zuten, atzo, Araban, Durana herrian. Bertan, goierritarrak protagonista izan ziren. Iker Barandiaran lazkaotarra (Eiser-Hirumet) izan zen garailea eta Xabier Berasategi olaberritarrak (Laboral Kutxa) hirugarren postua eskuratu zuen.
Eiser-Hirumet taldeko txirrindularia tropeleko esprintean azkarrena izan zen. Euskal herrian ez dira ohikoak pelotoiko esprintean amaitzen diren lasterketak. Eusebio Velez garaikurreko ibilbidea, ordea, ia guztiz laua zen eta helmugara 140 lasterkari inguruko taldea heldu zen. Guztietan azkarrena izan zen Barandiaran eta, lehen aldiz, eskuak altxatu zituen elite eta 23 urtez azpiko mailan.
Irabazleak bere taldekideen lana eskertu du: “Taldeak lan txukuna egin zuen. Bost kilometroren faltan nahiko atzean nengoen, baina taldekide batek aurreraino eraman ninduen. Esprinta ondo kokatuta hasi nuen”. Halere, beste txirrindulari batzuk urrunetik abiatu zuten esprinta eta lazkaotarrak atzetik aurrerako bidea egin zuen: “Bi txirrindulari nituen aurrean; bien artetik bidea ireki eta aurrena iristea lortu nuen”. Atzetik aurrerako esprinta egin zuen Xabier Berasategik ere. Olaberritarrak, azken unean, zenbait lasterkari aurreratu eta ia Andoni Lopez de Abetxuko arabarrari (Caja Rural-Alea) bigarren postua ere kendu zion.
Alex Diaz, Belgikan
Urrutirago, Belgikan, aritu zen larunbatean Alex Diaz urretxuarra (Baque Team). 23 urtez azpikoen Lieja-Bastogne-Lieja lasterketan hartu zuen parte Diazek. Maila handiko proba izan zen eta Baque taldetik, soilik, urretxuarrak lortu zuen helmuga marra zeharkatzea. Azken igoerara onenen taldean iritsi zen eta, helmugan, 36. postua eskuratu zuen, garailea baino 58 segundo beranduago iritsita.