Ampo Ordiziak garaipenarekin agurtu du liga erregularra
Sailkapeneko laugarren postuan bukatu dute denboraldi erregularra. Azken garaipenari esker, etxean jokatuko dute play offetako final laurdenetako kanporaketa, Cienciasen aurka.
Pasa den astean Burgosen lortutako berdinketak utzitako “zapore gazi-gozoa” kentzeko, Ampo Ordiziak garaipen batekin bukatu du ligako denboraldi erregularra. Etxean izan da, Santboianaren aurka; lehia estua izan bada ere, etxekoek 34-32 irabazi dute. Horri esker, gainera, ligako play-offetako final laurdenetako partida etxean jokatu ahal izango dute ordiziarrek, Ciencias talde andaluziarraren kontra.
Etxekoak aurreratu ziren markagailuan, Julen Goiaren entsegu batekin. Santboik, ordea, erantzun eta partida berdintzea lortu zuen, baita aurretik jartzea ere. Lehen zatia bukatzerako, ordea, Oier Goiak beste entsegu bat egin eta markagailuan aurretik jarri ziren, 17-15. Bigarren zatian, zigor kolpe batekin aurretik jarri ziren kataluniarrak, baina etxekoek segidan egindako bi entsegurekin aurrea hartu zuten. Egoera kontrolpean zutela zirudienean, Santboianak azken kolpea eman eta markagailuan gerturatzea lortu zuen, baina azkenean, emaitza 34-32koa izan zen, etxeko taldearen alde.
Moyua Goierri play offetatik kanpo
Ordizia Rugby Elkarteko 23 urtez azpiko taldeak, Moyua Goierrik ez du halako zorterik izan, eta finalerdietan galdu egin du Les Abellesen kontra. Valentzian jokatu dute partida asteburuan, eta etxeko taldeak 49-21 irabazi du. Horrenbestez, aurten ere ligako finala jokatu gabe geldituko dira.