Aritz Egeak Espainiako ultra trail txapelketa irabazi du
Penyagolosako (Castelló) 60 kilometrokoan bigarren egin du, Kevin Vermeulen frantziarraren atzetik.
Aritz Egea lasterkari urretxuarrak Espainiako lehen ultra trail txapelketa irabazi du, larunbatean jokatutako Penyagolosako (Castelló) 60 kilometroetan bigarren postua lortu ondoren. Kevin Vermeulen frantziarrak lortu du lehen postua, 5 ordu, 20 minutu eta 15 segundorekin, eta Egea 24 segundora helmugaratu da. Anders Kjarevik norvegiarra izan da hirugarren. Lasterketa amaiera estua izan da, eta azken 3 kilometroetan parean ibili dira Vermeulen eta Egea. Azkenean frantziarrak aurrea hartu du. Bigarren postuarekin Espainiako txapelketa irabazi du urretxuarrak, eta azaroaren 3tik 6ra Tailandian jokatuko den munduko txapelketarako txartela lortu du.