Greba mugagabea hasi dute Irizar e-mobilityko langileek
Langile batzordeak azaldu duenez, "jarraipen oso altuarekin" ekin diote grebari.
Irizar e-mobilityko langileek greba mugagabeari ekin diote gaur. Duela bost urte sortu zuen Adunan Irizar S.Coop-ek Irizar e-mobility enpresa, S.L. izaerarekin, eta ia 300 langileko enpresa izatera iritsi da. Langileek lan baldintzak eta produkzio erritmo handiak salatu dituzte eta produkzioa eten dute, langile batzordeak azaldu duenez «jarraipen oso altuarekin». Ez dute enpresaren berri izan eta «beraz jarraituko dugu hainbat ekintzekin».
Hastapeneko urteetan ekoizpenaren desordena «ulergarria» izan zitekeela dio langile batzordeak, baina gaur egungo baldintzek antzera jarraitzen dutela azpimarratu dute: «Lan baldintzek langileen sumina pizten doaz. Ikusten dugu nola azken urteetan produkzioa 6 bider handitu den, nola kartera handituz doan produkzio erritmoa behin eta berriz handitzera behartuz eta nola langileen eskubideak eta lan baldintzak bide ertzean estankatuak ditugun». Batzordeak dioenez, enpresako ituna negoziatzeko urtea da baina 4 hilabete pasa dira negoziazio mahaia martxan jarri zutenetik eta zuzendaritzak «ez dio langileen eskaerari behar duen garrantzia ematen»: «Negoziazioa baldintzatu dute beraien itun proposamena onartzera behartuz». Lan berdinagatik soldata berdina izatea, irteeretarako denentzako baldintza duina eta berdinak izatea, esfortzu gehigarriak konpentsatzea, eta langile guztien bizitza pertsonala eta kontziliazioa bermatzea eskatu dute.