«Ez nuen espero txapelketa irabaztea»
Denboraldia bikain hasi du Egeak. Espainiako Atletismo Federazioak antolatutako lehen ultra lasterketan Espainiako txapeldun izan zen. «Asko ari naiz gozatzen», azaldu du.
Espainiako Atletismo Federazioaren mendiko lehen ultra txapelketak badu garailea: Aritz Egea (Urretxu, Gipuzkoa, 1984). MIM Penyagolosa (Castello, Herrialde Katalanak) lasterketan bigarren amaitu zuen, Kevin Vermeulen frantziarraren atzetik. Baina Egea izan zen Espainiako txapeldun ibilbideak zituen 60 kilometroak (+3.300 metro) osatu eta gero. Lortutako garaipenarekin, azaroaren 3tik 6ra Thailandian jokatuko diren munduko txapelketetan egoteko sailkatzea lortu du. Bikain hasi du denboraldia urretxuarrak.
Lasterketa gogorra izan dela azaldu du Egeak, Berria egunkariak egindako elkarrizketan: “Banekien lasterketa luzea izango zela, eta sufritu ere egingo nuela. Halaxe izan zen”. Ez zuen txapelketa irabazterik espero, baina faborito bezala ez joateak, lasaitasuna eman diola dio. Iazko denboraldian hasi zen ultra distantziako lasterketetan parte hartzen; harrezkero, entrenamenduak eta “burua” aldatu ditu: “beste lasaitasun batekin ari naiz hartzen gauzak”. Eta fruituak ere eman dizkio horrek, “ikaragarri gozatzen” ari baita aurten.
Hurrengo erronka maiatzaren 14an Azpeitian jokatuko den Domusa Teknik 65 km-ko lasterketa izango du; Euskal Herriko Txapelketa izango da bertan jokoan. Maiatzean, Zegama-Aizkorri maratoian ere parte hartzekoa dela iragarri du urretxuarrak: “Dena eman didan lasterketa bat da, ete bertan egon ahal izatea ederra da. Nahiz eta aurten ez den helburuetako bat izango”.