Igartubeiti Baserri Museoko bisitek %2 egin dute gora
Iazko Aste Santuan baino bisitari gehiago izan dituzte. Bisitarien %75ak parte hartu du antolatutako ekintzaren batean.
Igartubeiti Baserri Museora Aste Santuan izandako bisitek %2 egin dute gora iazko Aste Santuarekin alderatuta. Bertako bisitarien kopuruak behera egin du kanpora bidaiatzeko aukera izan dutelako, eta estatutik zein atzerritik etorritako bisitariak berreskuratu dituzte. Aste Santurako prestatutako eskaintzak “erantzun oso ona” izan duela azaldu du museoak ohar batean, eta bisitariek “oso altu” baloratu dutela jasotako arreta. “Ezkioko museora etorri diren pertsonen %75ak parte hartu dute antolatutako jardueretako batean”. Bisitarien gehiengoa, %70a, Euskal Autonomia Erkidegokoa izan da, horietatik %55 gipuzkoarrak, %39 bizkaitarrak eta %6 arabarrak. Estatutik etorritakoak %24 izan dira, eta atzerritik %6.