Izan zenera itzultzeko urratsa
Oporren kutsua oraindik kendu gabe, baina hasi dira Lazkaoko festak. Musika eskolakoen pregoi musikatua eta mozorrotuak izan dira lehenengo asteburuko bi aipagarri, giro alaian eta lasaian.
Zazpi noten musikarekin eta ortzadarraren zazpi koloreekin hasi dira Lazkaon San Prudentzio festak. Hiru urteko lehortearen ondoren, ostiraletik igandera, lehen asteburuan berotu dituzte lazkaotarrek soinak eta herria. Euriaren freskotasuna ere ez da falta izan, zapatu arratsean.
Ohi baino jende gutxiagorekin, baina festak itzuli direla, horixe da albistea. Txindoki egoitzan izan zuten aurrena hasteko parada, lepoko zapiak banatu, musika jarri eta lehen suziria han bota baitzuten, ostiralean. Ondoren, plazan, benetako hasiera Lazkao Txiki Musika Eskolakoek eman zioten jaiari, 25. urteurrenean, ohorezko pregoia eta keinua guztiei eskertuta. Kopla kantari jarri zuten herria, eta zazpi baloi puzgarri jaurti zituzten jende artera, kantatu ahala.
Eneritz Jauregi zuzendariak piztu zuen txupina. Zeruan lehertu orduko, zapiak lepora, txiribitak eta girnaldak airera, eta jendea kalera. Jundajo txarangak eta dultzaineroek girotuta, bi erraldoiak eta buruhandiak ere atera zituzten.
Mozorrotuen eguna
Larunbatean, mozorroak izan ziren egun osoko ikusgarria. Jendetzarik ez zen pilatu, oraindik asko oporretan diren seinale. Kolorezko jaia goizetik goizaldera luzatu zen. Giro alaia eta gertakaririk gabea izan da lehenengo asteburuan. Anbulantziarekin bi asistentzia besterik ez dira egin behar izan Udaltzaingoak azaldu duenez, eta biak ere erorikoen zauri arinak sendatzeko.
Igandea lasaitik joan zen. Artisau azoka egin zen goizean, eta lau herritako dantza taldeetako gaztetxoen saioa arratsaldean. Lazkaoko, Ordiziako, Anoetako eta Ibarrakoak elkartu ziren.
Pilota txapelketako bi finalaurrekoak ostiralean jokatu ziren. Joseba Barandiaran-Xabi Naldaiz sartu ziren lehenbizi finalera, Asier Alonso-Pako Garmendiari 13-22 irabazita, partida gogor eta luzean. Gero, Unai Bereziartu-Aitor Muruamendiaraz izan ziren garaile (10-22), Mikel Intsausti-Imanol Olaranekin.
Mugimendu Sozialistako hainbat taldek txosna jartzeko oztopoak salatu zituzten, ostiralean, txupinazo aurretik. Ehun-bat gazte bildu ziren plazan. Bezperan udaletxean sartu ziren 30 bat, protesta egiteko.
Egunotako egitaraua
Bihar
15:00. Xakea.
18:30. Musika eskolako konboak.
19:00. Buruhandiak.
22:00-01:00. Bull DJa.Etzi, S.Prudentzio eguna
09:00. Goiz eresia.
11:00. Lapke-ren pilota partidak.
12:00. Trikitilariak, plazan.
13:00. Soka dantza.
17:00. Haurrentzat (8-13 urte) jolasak, plazan.
17:00. Tortilla lehiaketa, txosnan.
17:30. Tor magoa, Zelaian.
19:00. Benta Zaharreko Mutiko Alaiak musika taldea, kalean.
19:00. Oskarbi eta Kantaka abesbatzak, Arerian.
20:00 eta 22:30. Joselu Anaiak.Ostirala, umeen eguna
10:00. Goiz eresia.
11:00 eta 19:00. Tolin mariatxia.
17:00. Pilota finala.
18:00. Suthai batukada.
19:00. Haurren ‘play-back’-a.
19:00. Sardina jatea.
22:00. Oihan Vega DJa.