Jabe Eredugarri programako bigarren saioa bihar hasiko da
Txakur Eredugarri Programako formakuntza saioa da. Txakurrek eta jabeek arduratsuak izaten ikasiko dute. Euskal arrazako txakurren erakustaldia egingo dute, Dolarean.
Txakur Eredugarri Programako Jabe Eredugarri formakuntza saioko bigarren txanda bihar hasiko da. Parte hartu ahal izateko izena eman behar da, Beasaingo Udalaren webgunean. Ikastaroa amaitutakoan txakurrek eta jabeek arduraz jokatzen ikasiko dute, «herritarren arteko bizikidetza hobetzeko». Gainera, azterketa gainditzen dutenek txakur heziketa titulu ofiziala jasoko dute.
Asteazkenero elkartuko dira, 19:00etan udaletxe parean, bi hilabetez. Jende asko animatzen bada astearteetan bigarren talde bat osatzeko aukera dago.
Maiatzean ekintza osagarriak egingo dituzte. Esaterako, euskal artzain txakurren erakustaldia egingo dute Dolarea parkean, lehen asteburuan. Bertakoa den eta galtzeko arriskuan dagoen arraza ezagutarazi nahi du Beasaingo Udalak era honetara; nagusien egoitzan, eguneko zentroan eta Urbi Berrin estimulazio kognitibo eta sentsoriala lantzeko ariketak ere egingo dituzte txakurrekin eta hezitzaile profesionalekin; sozializazio paseoak ere egingo dituzte. Ostegunero elkartuko dira, San Martin plazan, 19:00etan. Programan izena emanda egon behar da paseoetan parte hartu ahal izateko.