Ordiziako eskuz binakako pilota txapelketa herrikoian izena emateko epea zabalik dago
Aurtengoa 15. edizioa izango da. Txapelketaren antolatzaile Emaneurre taldeak iragarri du izen emate epea maiatzaren 8ra arte egongo dela zabalik.
Bueltan da Ordiziako eskuz binakako pilota txapelketa herrikoia, Emaneurre taldeak antolatuta. Aurtengoa 15. jardunaldia izango da. Antolakuntza taldeak iragarri duenez, hastear da txapelketaren edizio berria, eta izen emateko epea zabalik dago maiatzaren 8ra arte.
Parte hartu nahi dutenek emaneurretaldea@gmail.com epostara mezu bat idatzi beharko dute, bikotea osatuko dutenen izen eta abizenak eta kontakturako telefono zenbaki bat zehaztuz. Horrekin batera, parte hartzeko kuotaren ordainagiriaren kopia ere atxiki beharko da (10 euro sartu beharko dira bikoteko, Emaneurre taldearen kontu korrontean).
Baldintzak
Ondorengo baldintzetatik bat bete beharko dute jokalariek parte hartzeko: Ordizian jaioa izatea; Ordizian erroldatuta egotea; txikitatik Ordizian ikasi izana; edo Ordiziarekin lotura estua eta jarraia izatea. Pilotan federatuta daudenek ezin izango dute parte hartu. Txapelketako koadroa partaide kopuruaren arabera diseinatuko dute.