Santikutz Klasikoa, 88. lasterketaren bidean
Espainiako txirrindulari afizionatu onenek hitzordua dute Legazpin maiatzaren 1ean, Telleriarteko Txirrindulari Elkarteak antolatutako probarekin. Mikel Mujika legazpiarra partaideen artean izango da.
Legazpiko jaietako programan leku berezia duen Santikutz Klasikoa aurkezteko ekitaldia egin zuten atzo arratsaldean Kultur Etxean. Jokin Matxinandiarenak gidatuta, lasterketaren antolaketaz arduratzen den Telleriarteko Txirrindulari Elkarteko lehendakari den Enrique Vizcay, Koldobike Olabide alkatea eta Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioko lehendakari orde Abraham Olano izan zituen ondoan.
Klasikoaren 88. edizioa izango da, eta, ohi bezala, maiatzaren 1ean jokatuko da eta Espainiako Koparako puntuagarria izango da. Kopa lehiatzen ari diren 20 taldeak izango dira bertan, eta antolatzaileek gonbidatu dituzten beste bost, azken horiek euskaldunak denak. 175 txirrindularik parte hartuko dute, eta horien artean Espainiako afizionatu mailako onenak izango dira. Lasterketa internet bidez jarraitu ahal izango da zuzenean.
Probaren xehetasunak
Vizcayk lasterketaren xehetasunak eman zituen, eta, besteak beste, taldeen aurkezpena aurten ere Industrialdean egingo dela eta ibilbidea aldatu dutela aipatu zuen. Izan ere, bidean egiten ari diren obrengatik, aurten txirrindulariak ez dira Azkoitiraino joango Legazpitik irten berritan. Horregatik, karrera “pixka bat luzatu eta gogortu” egin dutela esan zuen, eta helmuga Kale Nagusian izango dela nabarmendu zuen. Eskerrak emateko ere baliatu zuen, udalari, boluntarioei eta laguntzaile ekonomikoei. Amaitzeko, zorte on opa zien txirrindulariei, batez ere parte hartuko duen legazpiar bakarrari, Mikel Mujikari.
Koldobike Olabide alkateak hartu zuen hitza ondoren, eta antolatzaileek egindako lana aitortu zuen lehenik. Klasikoa “Legazpiko jaietako ikurra” dela ere esan zuen. Publikoaren artean zegoen Mujikari zuzendu zitzaion gero, eta zorte on opatzearekin batera, podiumean ikusi nahi zuela esan zion. Azkeneko unean parte hartzerik izango ez duen Ander Ormazabal legazpiarra ere aipatu zuen alkateak.
Lasterketarako prestatu duten ibilbidea ez zaiola gustatu esanez ireki zuen bere hizketaldia Abraham Olano txirrindulari profesional ohiak, horren gogortasunagatik, afizionatua zen garaian ezin izango zuelako egin. Antolatzaileei eskerrak ere eman zizkien, batez ere euskal taldeak gonbidatzegatik eta euskal txirrindulariei lasterketan parte hartzeko aukera emateagatik. Legazpiko Klasikoa, profesionaletara iristeko bidean, esperientzia pilatzeko aukera paregabea dela nabarmendu zuen.