Txikizio ugari egin dituzte Ataunen azken boladan
Lehengo opor astean ezezik, urtea hasi zenetik zenbait lekutara sartu, gauzak puskatu eta kalteak eragin dituzte. Kalte ekonomikoa 6.000 eurokoa dela azaldu du udalak, bizikidetza eta zibismo arazoaz gain.
Azken hilabeteetan Ataunen «gertakari larriak» izan direla salatu du udalak, atzo ateratako oharrean. Ibilgailuei kalteak, lokal barruetan sua piztea eta obretan txikizioak zerrendatu dituzte.
Lehengo astean, ostegun gauean errepidean zihoan auto bati harriak bota eta kristala hautsi zioten, San Gregorioko portu gainean. Bi aldiz hango komunetan sua piztu dute, eta pilotalekuan jarritako aldamiotik teilatura igo eta teilak bota zituzten, besteak beste. Auzoko mediku kontsultako eta San Martingo lurpeko aparkalekuko su itzalgailuak ere hustu dituzte.
Urte hasieratik, Auzoetan ere kalteak azaldu dira, eta Atseden Toki jubilatu lokalera bi aldiz sartu eta hankaz gora utzi dute. Errepideko ispiluak puskatu, zakarrontziak desagerrarazi eta beste txikizio batzuen berri ere eman du udalak.
Gertakari horiek «onartezinak» direla esan eta irmoki deitoratu du udalak. Kalte ekonomikoa 6.000 euro izan da orain arte, eta bizikidetza eta herriko giroa gaiztotu dituzte, «herritarrak arriskuan jarriz».
Ataungo Udalak zabaldu dituen argazkiak:
Udalaren gaitzespen oharra eta kalteen zerrenda: