Abilezia desberdinak garatzeko Okorro jolas parkea zabalik dago
Ordiziako Udalak orain hilabete batzuk martxan jarri zuen herriko jolas parke sarearen inguruko parte hartze prozesuaren emaitzetako bat da Okorro jolas parke berritua.
Ordiziako Udalak orain hilabete batzuk martxan jarri zuen herriko jolas parke sarearen inguruko parte hartze prozesua. Bertan, parke bakoitzaren izaera kontuan hartu da eta berrikuntzak egiterako orduan ere kontuan hartuko dira. Horren adibide da Okorro parkea, dagoeneko guztiz berritu dena eta aste honetan bertan zabaldu dena.
Maitane Alvarez, Ordiziako alkateordeak honela esan du: «Okorro parkea berritu dugu goitik behera. Parte hartze prozesuan ondorioztatu zen 6-12 urte bitarteko haurrentzako eremu egokia zela, eta horren baitan ezarri dira elementu berri guztiak. Gainera, parkea ez ezik, ondoan dagoen belardian txirrista berri bat ere jarri da eta inguruko argiteria berritu». Ia 70.000 euroko inbertsioa egin da espazio honetan.
Auzotarrak «pozik»
Egindako aldaketa nabarmena da, eta atzo, parkean jolasteko eguraldiak gehiegi laguntzen ez zuenez bertan haurrik ez bazegoen ere, parke inguruan aurkitutako bizilagunak orokorrean «gustura» agertu dira aldaketarekin. «Aurretik zegoena ez zegoen oso egoera onean, aldaketa gustuko dut», esan du batek. «Orain jarri dituzten elementuek bizia emango diote parkeari, azken egunetan haur ugari ibili da bertan, dena den, azken aldian saskibaloian jokatzen ibiltzen aritzen zen gaztetxo kuadrilla bat eta ikusi dut kanasta bat utzi dutela, baina agian toki gutxitxo geratu zaie», gehitu du beste batek.
Parke berrituak, eremu desberdinak ditu. Abilezia desberdinak eta irudimena garatzeko parkea da.