«Besteak disfrutatzen ari direnean lan egiten dugu guk, gure bizitza hala da»
Jendea gogoz dago, eta barrakak beteko direlakoan dago negozioa familiatik jaso duen Juan Pablo Sanz legazpiarra. Legazpin hasi dute denboraldia, pandemiaren bi urteko etenaldiaren ondoren.
Noizkoak dira Sanz Atrakzioak?
Feriaren munduan nire aitona Pablo Sanz hasi zen, gerra ondoren. Nafarroako Erriberakoa zen, Arguedas-Valtierrakoa. Txurroak saltzen ibiltzen zen, herriz herri, orga txiki batean galdara sartuta. Urte batzuetara, autotxoke pista bat erosi zuen, estatu mailako lehenetakoa, eta Gipuzkoa, Araba, Bizkai eta Nafarroako zirkuitua egiten zuen.
Zure aita Jose Luisek jarraitu zuen negozioarekin?
Aita 1975ean independizatu egin zen, eta haurrentzako atrakzioekin hasi zen, Gipuzkoan. Garai batean Zaragozaraino joaten zen, Pilarreko festetara, Gasteizko jaietara ere bai. Baina duela 25 urtetik ez gara Gipuzkoatik ateratzen barrakekin. Jolas parkeak ere baditugu, eta horiekin bai, Nafarroara, Bizkaira eta Arabara ere joaten gara, ekitaldietara.
Zuk aitarengandik jaso duzu lekukoa.
Aitarengandik eta amarengandik. Urretxuko Ana Mari Nuñezekin ezkondu zen aita, eta bien artean eraman dute urteetan feriako negozioa. Nire anaia ere ibili da duela gutxira arte.
Legazpin duzue egoitza.
Bai. Lehen Altsasun genuen, eta han ditugu pabilioiak, baina Legazpin ditugu bulegoak, etxean.
Izan ere, zu Legazpin bizi zara.
Hala da, duela 20-bat urtetik. Maria Garmendia legazpiarrarekin ezkondu nintzen, eta hemen osatu dugu familia. Bion artean eramaten dugu orain negozioa, aita eta amaren laguntzarekin. Gu hirugarren belaunaldia gara.
Barraken munduan jarraitzen duzu. Zer du mundu horrek?
Ikaragarri gustatzen zaidan mundua da. Oso sakrifikatua da, ordu asko egin behar dituzulako, eta ez duzulako ia oporrik, baina niri ez zait asko kostatzen. Baditut ordu libreak, eta alde onak ere baditu, jende asko ezagutzea, adibidez. Asko gustatzen zait. Egia da besteak disfrutatzen ari direnean lan egiten dugula guk, baina hori da gure bizitza.
Gipuzkoako belaunaldi askotako jendeak ezagutzen ditu zuen barrakak.
Bai. Urte asko dira, eta herri askotako festetan ibili gara barrakekin. Pentsa zenbat haur pasa diren! Orain umeentzako bi barraka ditugu, baina garai batean helduentzakoak ere bagenituen. Helduenak duela urte batzuk kendu genituen, leku asko behar dutelako, eta herrietan geroz eta txikiagoak direlako ferialekuak.
Txikientzako bi barraka horiek Legazpin daude orain.
Denboraldia hemen hasi dugu. Berez Zumaiako San Telmoetan hasi behar genuen, baina batera izanda, Legazpiko festak aukeratu ditugu, komertzialki hobeak direlako guretzat. Gero Bergarara joango gara, Azpeitiko Sanjuandegi auzora gero, eta Zumarraga eta beste herri askotara ondoren: Zarautz, Altsasu… Udaz- kenean amaituko dugu.
Nolakoa da zuen lana?
Festetan barrakak jarrita ditugunean, goizean 08:00ak aldera hasten gara garbitzen, eta bazkaldu ondoren irekitzen ditugu. Goizetik zabaltzen baditugu, bezperan, gauean garbitzen ditugu, itxi eta gero. Jendea joan arte edukitzen ditugu zabalik, iluntzetan.
Legazpin zaudetenean, etxean lo egiten duzue, baina autokarabana bat ere baduzue.
Gure bizitzaren zati bat autokarabanan egiten dugu. Dena dela, umeak ditugunez, gehienetan etxera etortzen gara. Zorionez, gauzak ez dira lehen bezala, eta gure umeak etxean hazten ari gara. Ni interno egon nintzen 16 urtez Donostiako ikastetxe batean, baina esan behar dut ez nintzela gaizki egon.
Maria emaztea ez dator feria mundutik.
Ez. Legazpin ezagutu nuen, oso gaztea zela. Nutrizionista da, eta horretan egiten du lan oraindik, gure negozioa eramatearekin batera. Udaletara proiektuak aurkezten dituena da, lehiaketara aurkezten dena, gestoriaren laguntzarekin langileen nominak eta fakturak eramaten dituena… eta barrakak irekita daudenean, barraketan egoten da.
Duela gutxi kamioia gidatzen ere hasi da.
Bai. Oñatin izan nuen ezbehar baten ondorioz, bizitza korapilatu egin zitzaidan. Pertsona bat harrapatu nuen kamioiarekin, eta denek dakiten bezala, espetxean amaitu nuen. Gidatzeko baimena ere kendu zidaten, zortzi urterako, eta gure lanbidean ezinbestekoa da gida baimena izatea. Horri aurre egiteko, emazteak bakarrik ez, nire izeba batek ere karneta atera zuen, eta langile batzuek ere bai.
Zenbat lagun ari zarete lanean?
Bost gara, baina ekitaldietarako jende gehiago behar dugu, eta horiek egun baterako edo birako kontratatzen ditugu, adibidez.
Pandemia ere aipatu behar da.
Bi urte eta gero, duela bi hilabete hasi ginen normal lanean, jolas parkeekin, eta barrakekin orain. Jendeak ezin du imajinatu ere egin nola pasatu dugun. Banku maileguak ordaintzen jarraitu dugu, ibilgailuen udal zergak ere bai, pabilioien kontribuzioa… diru sarrerarik gabe! Hala ere, guk zortea izan dugu eta ekitaldien adarrari esker aurrera atera ahal izan gara. Zarauzko eta Azpeitiko udalak oso ondo portatu dira gurekin alde horretatik.
Nolakoak dira aurreikuspenak?
Oso onak, baina ikusiko dugu. Fitxaren prezioak gora egingo du, eta hori arazoa da. Legazpin 2 euroan dugu, udalarekin dugun hitzarmenari esker, baina Gipuzkoan 2,5 euroan jarriko da. Familientzako diru asko dela onartzen dut, baina guretzat prezio horiek ia jasanezinak dira, gure gastuak asko igo direlako.