Helmuga Turistiko Adimenduna garatzeko plana lantzen ari da Goitur
Udarako prest egotea aurreikusi dute. Gobernantza, berrikuntza, teknologia, jasangarritasuna eta irisgarritasuna izango dituzte ardatz egitasmo estrategikoa garatzeko
Goierri eskualdea Helmuga Turistiko Adimendunen proiektuan sartu zen iaz, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren eta Basquetour-en eskutik, eta dagoeneko Helmuga Turistiko Adimendunen sarean dago. Goiturrek, udal eta udalez gaindiko hainbat erakunderekin elkarlanean, bailarako eredu turistikoaren diagnostikoa egin du. HTA metodologia ezartzen hasi da eta ekintza plana udako bukatzea aurreikusi du.
Segittur Berrikuntza eta Teknologia Turistikoak Kudeatzeko Estatuko Sozietatea da Helmuga Turistiko Adimendunen bultzatzailea. Irisgarria den gune turistiko berritzailea sortzea da proiektuaren helburua, lurraldearen garapen jasangarria bermatzen duen azpiegitura teknologiko batean oinarrituta. HTA sarean sartuta, HTA mahai bat sortu zuten Goiturrek eta udal eta zenbait erakundek Goierriko eredua garatzeko eta eskualdeak dituen behar turistikoei erantzuteko. «Diagnostikoa egin genuen 241 item desberdinekin. Erradiografia oso polita izan da eta garbi azaltzen da bost ardatzetan gauza batzuk baditugula hobetzeko eta beste batzutan hobeto gaudela», azaldu du Niko Osinalde Goiturreko zuzendariak.
Gobernantzari dagokionez, «betetze maila oso handia» da. Eguneroko lanean zein etorkizuneko garapenerako helburuaren ildo estrategikoetan txertatu dute. Berrikuntza arloan, berriz, «berrikuntza turistikoa sistematizatzeko hasierako fasean» dago Goierri eta lehiakortasun turistikoaren «funtsezko elementu gisa» txertatzen dabiltza pixkanaka. Teknologia berrien erabilera, aldiz, «hobetzeko bidean» dago. Batetik, «destinoaren barne kudeaketan eraginkortasuna lortu eta tokiko turismo enpresei balio handiagoko zerbitzuak eskaintzeko» lan egingo dute, eta bestetik, «Goierriko bisitariek esperientzia turistikoaren zikloan eska ditzaketen komunikazioa eta zerbitzuak hobetzeko».
Behin-behineko eredua
Jasangarritasuna da Goierriko turismoak duen ardatzik sendoena. Potentzialtasuna nabarmena da, baina «badago aukera HTA izatera iristeko garapen maila hobetzeko». Azkenik, irisgarritasunak ere «garapen maila ezin hobea» du. «Hala ere, HTA-k eskatzen duen goreneko mailara iritsi ahal izateko oraindik badaude hobetzeko gaiak».
Goitur, HTA mahaiarekin eta Segitturrekin elkarlanean, egitasmo estrategiko bat lantzen ari da Goierri Helmuga Turistiko Adimendun batean egokitzeko, eskualdearen beharrei eta gaitasunei erreparatuz. Udarako prest egotea aurreikusi dute.