Inoizko uztarik oparoena
Errigoraren Eskutik Eskura kanpainak "inoizko uztarik emankorrena" utzi du aurten. Eskaerak maiatzaren 9tik aurrera jaso ahal izango dira.
Errigorak orain arteko emaitzarik onenekin itxi du udaberriko kanpaina. Aurtengo Eskutik Eskurarena, “Inoizko uztarik emankorrena” izan dela azaldu dute; denera, 10.000 etxetara iritsi dira, iaz baino %20 gehiago. 143.000 litro olio (%35 gehiago), 271.000 kontserba ontzi eta 41.000 pakete (%15 gehiago) banatu dituzte aurten.
Goierrin bertan ere, eskari kopurua goraka doa urtetik urtera. Eskualdean bertan, 1.644 olio, 1.320 kontserba eta 231 arroz eta pasta pakete banatu dituzte. Eskaerak maiatzaren 9tik aurrera jaso ahal izango dira, herriz herri, ohiko lekuetan.
Errigorak, “ekoizle eta kontsumitzaileon arteko zubi-lana egiten duten ehunka boluntario” edo sarekideen lana eskertu nahi izan du, “lan nekaezina” egiten baituta “herriz herri informazioa zabaltzen, eskaerak bideratzen eta produktuak biltegiratu eta banatzen”.
Hurrengo kanpaina, irailean
Udaberriko kanpaina bukatu berritan, dagoeneko udazkenekoa prestatzen hasiak dira. Berrikuntzak ere izango dira, besteak beste potxa ekologikoa ere eskaini ahal izango baitute aurten. Pipar ekologiko gehiago jaso ahal izateko lursail berriak ere prestatuko dituzte. Baina ekoizpenaz haratago, euskararen arloan eragitea ere bada Errigoraren helburua. Dagoeneko 12 ekoizleren lantokitan jarri dituzte euskara-planak martxan, eta 2023rako, ekoizle guztiak euskara-planetan murgilduta izatea aurreikusten dute.