Afizionatu mailako 175 txirrindulari igandeko Santikutz Klasikoan
Festekin batera, bueltan da Santikutz Klasikoa ere. Telleriarteko Txirrindulari Elkarteak antolatzen duen probak 88. edizioa beteko du aurten.
Espainiako txirrindulari afizionatu onenek hitzordua dute Legazpin maiatzaren 1ean, Telleriarteko Txirrindulari Elkarteak antolatutako Santikutz Klasikoarekin. Mikel Mujika legazpiarra partaideen artean izango da.
Klasikoaren 88. edizioa izango da, eta, ohi bezala, Espainiako Koparako puntuagarria izango da. Kopa lehiatzen ari diren 20 taldeak izango dira bertan, eta antolatzaileek gonbidatu dituzten beste bost, azken horiek euskaldunak denak. 175 txirrindularik parte hartuko dute, eta horien artean Espainiako afizio- natu mailako onenak izango dira, profesionalera salto egiteko lehian ari direnak asko. Lasterketa Internet bidez jarraitu ahal izango da jirabira.com webgunetik, eta helmugan jarriko den pantaila erraldoian.
153 kilometroko ibilbidea
Astelehenean egin zuten lasterketaren aurkezpena Kultur Etxean, eta besteak beste, probaren gogortasunaz, boluntarioen eta udalaren laguntzaz eta merkatari eta enpresarien laguntasun ekonomikoaz hitz egin zuten. Jokin Matxinandiarena, Enrike Vizcay, Koldobide Olabide alkatea, Abraham Olano eta Mikel Mujika arduratu ziren aurkezpenaz.
Maiatzaren 1ean, 09:30ean aterako dira txirrindulariak Legazpitik, eta 153ko ibilbidea egin eta gero, Aztiriatik behera iritsiko dira Kale Nagusiko helmugara 13:00 inguruan. Bertan egingo dute ondoren sari banaketa ekitaldia.