Apirilak ohikoa emanda agurtu du feria
Hemendik aurrera eguraldi ona beharko genuke, barazki landareak eta lore salmentak bizitzeko bereziki.
Epel, 13 gradutik gora baina bustia, goibel eguraldi hori ez da hori feria lagunik onena. Gora-behera handiak izan ditu apirilak, horixe du bere hilabete honek: «Apirila firili-farala, jarri bear etzan illa» jasoa du Gotzon Garatek. Eguraldiak garrantzi handia du urte guztian baina garai honetan zer esanik ez.
Barazki eta lore landatzeari dagokionez udaberria izaten dugu beteena. Landare eta lore eskaintza handiena deneko urteko garaia ere bai. Hala, postu horiek ondo hornituta daude, baina eguraldiak lagundu ezean ez da inor asko animatzen feriara etorri eta erostera.
Eguraldiaren markaz hitz egiten segituz, arto opilak ere ematen du zer esanik. Maite Iturbe okinak udazkenetik Aste Santu bitartean egin ohi du arto opila. Aurten bezeroen eskariz gehixeago egingo du. «Oraindik ere eskatu egiten didate, eguzki egun ederretan ez, baina gaurkoa bezalakoetan ondo saltzen da. Datorren astean ere egingo dut eta gero ikusi behar».
Bitarteko porrua
Barazkietan bitarteko porrua aipagai, atzo lehena 1,5-2 €/sorta salgai. Gure baratzeetan ia urte guztian izan genezakeen produktua da porrua. Urtekoa bukatu —edota garatu— eta hurrengoa landatu artean izan ohi den porru motari esaten zaio bitartekoa, laster hasten da eta fin-fina jan ohi da, hau bera ere segituan garatzen delako, bi urtekoen arteko hutsunea betetzeko egokia da.
Frutetan, iaz sagar urtea izan zen seinale dira asteazkenero Ordiziako mahai gainak, oraindik ere dezente aukeran eta saltzaileek gustura salmenta kopuruari dagokionez.
100 kilo udaberriko ziza
Mikologia atalean udaberriko ziza bereziki estimatua izango da gaurko San Prudentzio ospakizunetako hainbat otordutan. Ordizian atzo 100k (40-70€/k). Karakolekin nahastu nahi zituenarentzat horiek ere aukeran 12 €/k. Onddoa(18-35€/k) eta zizahoria (29-33€/k) ere aukeran.
Ea apirila bukatu den baina eguraldi hobearekin hasten den maiatza, jendea erakarri eta salmentak bizitu daitezen.