Aralarko abeltzainek ez dute larreen irekiera egunean parte hartuko
Enirio-Aralar Mankomunitateko larre komunak irekiko dituzte igandean, baina Aralarko Abeltzainek, ENBA-k eta EHNE-k jakinarazi dute ez dutela "maskarada" horretan parte hartuko.
Enirio-Aralar Mankomunitateko belardi komunak irekiko dituzte maiatzaren lehenean. Azken 25 urteotako ohitura da, larre tokia irekitzeko festa eta ekitaldi ofiziala egitea Larraitzen. Egun horretan parte hartu ohi dute Mankomunitateko ordezkariek eta Aralarko abeltzainek, besteak beste, bai egun osoko festan, bai larre irekieraren ekitaldi ofizialean ere. Baina aurten, Aralarko abeltzainak ez dira bertan izango. Gaur bertan, ohar bidez horrela helarazi dute Aralarko Abeltzainek, ENBA sindikatuak eta EHNE sindikatuak:
Igandean, Maiatzak 1, Aralarko larre tokien irekiera ospatuko da ofizialki. Ofizialki diogu, mendira azienda igo eta, bertan lan egin eta bizi garen abeltzainok ezer gutxi dugulako ospatzeko.
Ofizialki diogu ere, mendiaren ardura nagusia duen Enirio-Aralar Mankomunitateak urte osoan egiten ez duena, egun bateko ospakizunarekin izkutatu eta zuritu nahi duelako eta gizarte osoaren aurrean, normaltasun itxura gorde asmo duelako.
Geuk, Enirio-Aralarreko mendiko erabiltzaileok, abeltzainok alegia, ez gaude prest maskarada honetan partehartzeko, ez baitugu Enirio-Aralar Mankomunitatearen axolagabekeriaren konplize izan nahi eta honenbestez, Goierri eta Gipuzkoako gizarte osoari ozen azaldu nahi diegu, mendiko abeltzainok ez dugula igande honetako festan parte hartuko eta, honenbestez, ez dugula ganadurik eramango.
Abeltzainok ere festa eta alaitasuna maite dugu eta prest geundeke, gurekin, urte osoan elkarlanean jardun direnekin festan ibiltzeko. Aldiz, urte osoan egin ez dena, ezin zuritu egun bateko festarekin eta are gehiago, ez dugu zuritu nahi.
Mendian jarduten garen abeltzainok errespetua eta duintasuna aldarrikatzen dugu. Errespetua, mendiko abeltzaintza egiten dugun baserritarrontzat eta gure ogibiderako. Duintasuna, baliabideak eta azpiegiturak, gure jarduerarako.
Beraz, amaitzeko argi eta ozen diogu: Mendiko abeltzaintza, egun bateko jaiaz haratago, urte osoan babestu behar da.