Herriarteko txapelketako aurre kanporaketa jokatuko du Idiazabalek gaur
19:00etan Igarondo pilotalekuan izango dira partidak, Andoainen aurka. 13 urte eta gero jokatuko du Idiazabalek berriz ere txapelketa.
Gipuzkoako herriarteko pilota txapelketa gaur hasiko da. Idiazabalen eta Andoainen arteko partidak jokatuko dira Idiazabalgo Igarondo pilotalekuan, 19:00etan. Aurre kanporaketa izango da, zozketa bidez hala egokitu baitzaie Andoaini eta Idiazabali. Hurrengo astean Andoainen jokatuko da aurre kanporaketa, eta partida gehien irabazten dituen herriak Alegiaren aurka jokatuko du hurrengo kanporaketa, maiatzaren 15etik 22ra bitartean.
Eskuz binakako hiru partida jokatuko dira gaur. Kadete mailan, Urgutz Lasa eta Aritz Mintegik jokatuko dute Idiazabal ordezkatzen. Jubenil mailan, berriz, Unax Aldasorok eta Iker Garciak, eta nagusien mailan Jon Mendizabalek eta Ibon Loidik. 13 urte pasa dira Idiazabalek azkeneko aldiz Gipuzkoako herriarteko txapelketan parte hartu zuenetik. 2009an izan zen azkena.