Herriko ganaduzaleak, festak hasteko pregoi aldarrikatzailea
Duela bi urte bertan behera gelditu ziren jaietako pregoia herriko abeltzainek irakurri behar zuten. Aurten kitatuko dute zorra, Santikutz jaiei hasiera emanez.
Duela bi urte airean geratu ziren Santikutzetarako egin zieten gonbita aurten ere jaso dute, eta prest dute dagoeneko pregoia ganadu feriaren antolaketaz arduratzen diren ganaduzaleek. Bihar 19:00etan dute hitzordua udaletxeko balkoian, plazan bilduko den jendearekin batera aurtengo jaiei hasiera emateko. Hitzaldi laburra egingo dute jaietaz gozatzeko gonbita luzatuz, baina aldarrirako hitzak ere esango dituzte, ganaduzaleek eta baserritarrek orokorrean bizi duten egoera kaskarra salatzeko.
Santikutzetako ganadu feria 2008an jarri zen martxan herrian ganaduarekin egiten den lana erakusteko helburuz. Be- hiak eta zaldiak erakutsi zituzten bakarrik hasieran, eta azken urteetan astoak eta ahuntzak ere bai. Artisauak, sagardoa eta arkume errea ere izaten dira. Aurten sagardorik ez da izango.
Herriko 16-bat ganaduzaleren abereak dira erakusten direnak, eta horien artean daude antolaketaz ere arduratzen diren Floren Gutierrez, Joakin Balerdi, Unai Zabaleta eta Rufino Telleria. Pozik daude feria sendotuta eta etorkizunarekin ikusita, partaideen artean gaztetxo batzuk ere badaudelako.
Omenaldiak
Aurten ere omenaldietarako tartea izango da ganadu ferian, eta ferian parte hartu izan duten hildako baserritarrak gogoratuko dituzte: Ignazio Arsuaga eta Luxio Arizmendi.