Lazkaotarrek soka-dantzaren ohitura zaharra berritu dute
Udal agintariek udalbatza honen lehenengo soka-dantza egin dute, herritarren aurrean. Euripean jardun dira dantzan. San Prudentzio eguna ospatzen ari dira gaur Lazkaon.
Lazkaon zaindariaren egun seinalatua ospatzen ari dira gaur, San Prudentzio. Ohiturazko ekitaldiak dira egitarauan nagusi. Goizean, meza San Prudentzio ermitan eman du Antton Etxebeste parrokoak, beste apaiz lagun batekin batera. Ondoren, ardogoxoa eta pastak banatzeko ohitura zaharra berreskuratu dute. Udal brigadako langileek banatu dituzte aho gozagarriak, lehen Albisu familiakoek egiten zuten eran.
Eguarteko ekitaldi nagusia udal agintarien soka-dantza izan da. Pandemiak 2020an eta 2021ean plazan dantza egitea eragotzi zienez, 2019-2023 agintaldiko udalbatzak lehenbiziko agerraldia egin du. Bi udal talde politikoetako zortzi zinegotzi atera dira, Oin-Arin taldeko dantzariek gidatuta. Bakoitzak dagokion dantza egin du, herritarren txaloak irabaziz.
Aspaldiko ohitura da soka-dantzarena Goierrin. Garai batean, auzo herrien arteko gonbidautzak eta loturak irudikatzen zituzten, Goiberrin 2020ko maitzean ateratako erreportaje honetan azaltzen den bezala. Gaur egun, herriko agintariek bakarrik osatzen dute soka.
Gaurko festa-egitaraua:
Apirilak 28, osteguna, San Prudentzio eguna.
- 09:00. Txistularien goiz eresia.
- 11:00. Meza San Prudentzio ermitan.
- 11:00. Lapke elkarteko pilotarien erakustaldia, plazan.
- 12:00. Musika eskolako trikitilari taldea.
- 13:00. Agintarien soka-dantza.
- 17:00. Ume jolasak, Lazkaoko Begirale Taldeak antolatuta, San Benito ikastolako estalpean.
- 17:00. Patata-tortilla lehiaketa, txosnetan.
- 17:30. Tor magoaren ikuskizuna, frontoian.
- 19:00. Benta Zaharreko Mutiko Alaiak taldea, kalean.
- 19:00. Oskarbi musika taldea eta Kantaka abesbatza, Arerian.
- 20:00. Joselu Anaiak musika taldea, plazan.
Argazkiak: Aimar Maiz Morea