Maiatzaren lehenean irekiko dituzte Enirio Aralar Mankomunitateko larreak
Mankomunitateko belardi komunak irekitzeko festa egiten hasi zirela 25 urte beteko dira aurten. 130 ustiatzaileren 18.800 inguru aberek igaroko dituzte hurrengo hilabeteak Aralarko larreetan
Maiatzaren lehenean, igandean, zabalduko ditu Enirio Aralar Mankomunitateak belardi komunak, eta urrira arte, abelburuak hantxe elikatu ahalko dira. Larre irekierako festa egiten hasi zirela aurten beteko dira 25 urte, baina 23. edizioa izango du, azkeneko bi urteetan, osasun larrialdia dela eta ez dutelako egin.
Zenbakiekin jarraituz, 130 ustiatzaileren (artzain, abeltzain,…) 17.000 ardi, 940 behi eta 875 behor dira hurrengo hilabeteetan Aralarren igaroko dituztenak, 18.800dik gora abere guztira, beraz.
Larraitz gainean
Larreak irekitzeko aitzakiarekin, festa xume bat egingo dute maiatzaren 1ean, Larraitz gainean. 10:00etan irekiko dituzte artisau eta salmenta postuak.
Goizak aurrera egin ahala, Oskar Ferrer errioxar zaldi hezitzaileak, doma erakustaldia egingo du. 11:00etan hasiko da.
Larreen irekiera ofiziala berriz, 12:00etan hasiko da eta Enirio-Aralar Mankomunitateko ordezkariek parte hartuko dute. Jarraian, suziria botako dute eta horrekin batera, Aralarko larreak irekita geldituko dira.
Ekitaldi ofizialaren ondoren, herri kirol ikuskizuna izango da. Iker Vicente eta Mikel Larrañaga aizkolariak arituko ditu aizkoran. Ekitaldian zehar, Abarlotz Olano kantari zaldibiarra eta Bixente Gorostidi bertsolari amezketarra arituko dira.
Aurten ez da arratsaldeko erromeriarik egingo.