Pirinio herriak piztera
Gure Eskuk ireki du 'Pirinioetako bidea' ekimenera joateko izen emate aukera. Uztailaren 2an, Euskal Herritik Kataluniara arte Pirinioetan argi-lerroa piztuko dute. Goierritarrek, Malerrekan
Autodeterminazio eskubidea aldarrikatzeko eta gauzatzeko ahaleginean, Euskal Herriak eta Kataluniak indarrak batuko dituzte, uztailaren 2an. Pirinioetako bidea ekimena edo «erronka kolektiboa» burutuko dute bi nazioen artean, eta Kantauri itsasotik Mediterraneora, Higer lurmuturretik (Gipuzkoa) Creusera (Girona) 300 gailur baino gehiago argiztatuko dituzte.
Goierriko Gure Eskuk atzo eman zituen xehetasunak, Lazkaomendin. Euskal herritarrek 115 mendi argiztatuko dituzte uztailaren 2ko ilunabarrean, Jaizkibeldik Benasqueraino (Huesca, Espainia); kataluniarrek, beste 200 bat. Farola bereziak eta linternak erabiliko dira.
Zein menditara joan, herrika eta zailtasunaren arabera zehaztuko dute. Batetik, gailur berde izendatu dituzte jende arruntak igotzeko modukoak direnak; gehienak Euskal Herrian daude. Bestetik, Erdialdeko Pirinioko gailur gorrietara mendizale trebatuak soilik igoko dira. Mugikortasun murriztua dutenentzat gailur egokiak ere izango dira.
Izen-ematea herrika
Gailur berde edo irisgarrienetara joateko izen-ematea webgunean (gureesku.eus) egin ahalko da. Hala eta guztiz, Goierriko Gure Eskuk aurreratu du eskualdeko herrietan aurkezpenak eta izen-emate propioak ere gauzatuko direla, hurrengo bi hiletan. Aurki zehaztuko dute programa.
Herri bakoitzari gailur berde bat edo batzuk izendatu dizkiote, eta norbere jatorria adierazitakoan, uztailaren 2an hara joateko proposatuko diote, herrikideekin. Edonola ere, beste edozein gailur aukera daiteke.
Goierritarrek Malerreka bailarako (Nafarroa) lau mendi argiztatuko dituzte: Ekaitza, Mendaur, Atzurdi eta Oteizoain gailurrak, hain zuzen.
Gailur gorrietara joateko, beste bide bat jarri dute (pirinioetakobidea@gureeskudago.eus). Urtarrilaren 29tik irekita dago, eta askok eman dute izena jada, eta espedizio-taldeak osatu dira.
Goierritik Malerrekara joateko autobusak antolatuko dituzte. Herrietan ere ekitaldi sinbolikoak egingo dira, uztailaren 2an.