«Santikutz klasikoan parte hartzeko gogo handia dut»
Alex Diazek (Urretxu, 2001) sekulako lana egin zuen 23 urte azpikoen Liege-Bastogne-Liege klasikoan. Igande honetan Legazpiko Santikutz klasikoan parte hartuko du.
Nolatan hasi zinen bizikletan ibiltzen?
Aita beti ibili da bizikletan eta etxean beti Tourra ikusi dugu. Ikastolako lagunok Goierrin izena eman genuen eta, giro ona genuenez, jarraitu egin nuen. Zortzi urte egin nituen herriko taldean eta ondoren 23 urte azpikoen mailara pasa nintzen.
Ze talderekin hasi zinen 23 urte azpikoen mailan?
Eulen taldearekin hasi nintzen. Eulenen denboraldi bat egin nuen eta honakoa bigarren denboraldia dut Baque taldean.
Eulen eta Baque talde onak dira. Ondo zabiltzan seinale.
Bai, baina zortea ere eduki dut. Valenciaga proban ondo ibili nintzen eta horrek Baquera joateko balio izan zidan: ihesaldian sartu nintzen eta bi sari irabazi nituen.
Hirugarren urtea duzu 23 urte azpikoen mailan.
Apur bat kosta zitzaidan maila berrira egokitzea. Bigarren urtean, lasterketa gutxi batzuetan aurrealdean azaldu nintzen. Aurten, berriz, lasterketa guztietan aurreko taldean heldu naiz. Pixkanaka gora egin dut. Oso gustura nago egiten ari naizen denboraldiarekin. Ez nuen espero horren ondo ibiltzea.
Zein da hobekuntza horren arrazoia?
Beti gustatu zait ondo entrenatzea, baina aurten bereziki ondo ari naiz entrenatzen.
Zeintzuk dira orain arte lortu dituzun posturik onenak?
Postu onena Ereñoko zortzigarren postua izan zen, baina Valenciaga probako hamaikagarren postua eta Liege-Bastogne-Liegeko lana garrantzitsuagoak dira. Liege-Bastogne-Liege proban parte hartu zuten gehienak profesionalak dira. 56 txirrindularik bukatu genuen lasterketa eta azkeneko aldaparaino aurreko tropelean joan nintzen. 36. postuan amaitu nuen eta 8. onena izan nintzen oraindik profesional mailara pasa ez garenon artean. Iaz ere parte hartu nuen. Aurten askoz ere lehenago puskatu da lasterketa. 90. kilometrorako 50 bakarrik geunden buruan. Oso gogorra izan zen.
Valenciaga proban urtero ondo moldatzen zara.
Egutegiko lasterketa garrantzitsuena da. Irabazlea ia beti profesional mailara pasatzen da. Hori dela eta, Valenciagan maila ona ematen saiatzen naiz. Oso ondo prestatzen dudan lasterketa da.
Zeintzuk dira hurrengo erronkak?
Lehenengoa, maiatzaren 1eko Santikutz klasikoa. Ondoren, Iruñeko Itzulia egingo dut. Nafarroara ere gogo handiarekin joango naiz.
Santikutz klasikoa etxe ondoan da, gainera.
Aurreko bi urteetan ezin izan dut parte hartu. Duela bi urte bertan behera gelditu zen eta iaz konfinatuta nengoen. Legazpiko Santikutz klasikoan parte hartzeko gogo handia dut, umetatik ezagutzen dudan lasterketa baita. Asko motibatzen nau.
Nolako txirrindularia zara?
Oraindik ez dut lasterketarik irabazi. Ea aurten besoak altxatzea lortzen dudan… Legazpin lortuko banu, sekulakoa izango litzateke. Esprintean gaizki moldatzen naizenez, lasterketa bat irabazteko helmugara bakarrik iritsi beharra dut. Santikutz bezalako lasterketak niretzako modukoak dira. Oso gogorra da eta zaila izango da lasterketa kontrolatzea. Karrera puskatzea, zoroa izatea, komeni zait. Aurten Eitza, Aztiria eta Liernia hiru aldiz igoko ditugu eta bukaeran Gabiria eta Aztiria (minetatik) igoko ditugu. Norbait Aztitiriara bakarrik iristen bada, irabazteko aukera handiak izango ditu.
Esprintetan ez zarela ondo moldatzen esan duzu. Mendateetan hobeto moldatzen al zara?
Mendate luzeetan ondo moldatzen naiz. Hala, Gorlako Igoeran nahiko txukun ibili nintzen. Lehenengo hamabosten artean sartzea lortu nuen.
Nola ikusten duzu etorkizuna?
Ez dut epe luzera pentsatzen. Denboraldi ona egitea eta ikasketak amaitzea dira nire helburuak. Kirol Zientziak ari naiz ikasten, Santanderren. Ondo moldatzen naiz. Gogorrena praktikak egin ondoren (futbolean, saskibaloian…) bizikletan ibiltzea da.
Euskaltel-Euskadiko Xabier Isasa urretxuarra zure urte berean jaio zen.
Txirrindularitzan, futbolean eta pilotan berarekin aritu nintzen. Baita eskolan ere. Zurekin ibili den norbait Itzulian ikustea pozgarria da. Motibagarria ere bai. Banekien ondo ibiliko zela, baina ez nuen espero Itzulian hain goiz parte hartzea. Asko poztu nintzen. Ahal dugunean elkarrekin entrenatzen dugu.