Amiantoaren CAFeko biktimak omendu dituzte, eta ekiditeko neurriak eskatu
Azken omenalditik hildako hamar lagunen omenez krabelin bana utzi dute senitartekoek Amiantoarenei eskulturaren oinean. 58 dira Beasaingo CAFen amiantoa erabiltzeagatik hildakoak. "Zifra izugarria da", diote
Amiantoa erabiltzearen ondorioz hildako CAFeko langileak eta senitartekoak oroitu dituzte gaur goizean, Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Egunaren biharamunean. Amiantoarenei eskulturan atarian suontzia piztu eta hamar krabelin utzi dituzte. Duela hiru urte azkeneko omenaldia egin zutenetik hildako pertsona bakoitzeko bana. Biktimen senitartekoek utzi dituzte loreak. CAFeko langile batzordeak ere utzi du lore sorta bat, langile guztien izenean. Minutu bateko isilunea ere egin dute eta txalo artean borobildu dute ekitaldia.
Protestarako eguna ere izan da. Amiantoak hil egiten du lelopean manifestazioa egin dute herrigunetik. Jendetza batu da: CAFeko langileek bi orduko lanuztea egin dute eta ordezkari politikoak eta sindikalak ere bertan izan dira.
Manifestazioaren amaieran CAFeko enpresa batzordeak hartu du hitza. Beasaingo lantegian hildakoak 58 direla zehaztu dute. “Zifra izugarria da”, esan dute. Eta ez dute baztertu datozen urteetan gehiago izatea, amiantoak epe luzera egiten baitu kalte. Egoera “lehen bezain txarra” dela nabarmendu dute, “gaixotasuna garatzen dutenentzat eta beraien familiarteko zein lagunentzat”. Halere, momentu “oso garrantzitsua” dela egungoa zehaztu dute, azaroan 25 milioi euroko konpentsazio funtsa adostu baitzuten Espainiako Gobernuak eta EH Bilduk. “Geldo eta berandu, gure ustez. Baina oso garrantzitsua dela deritzogu. Izan ere, amiantoarekin kutsatuta izan den pertsona guztientzako funts bat izan beharra dago eta, horrela, epaitegietako sufrimendu gehitua ekiditen lagundu”.
Biktimentzako eta familientzako laguntzaz erreparazioaz eta aitortzaz gain, halakorik berriz ez gertatzeko neurriak gaurtik hartzeko eskatu dute. “Amiantoaren benetako aurpegia azaldu behar da. Gizarte osoaren arazoa da eta tamainako erantzuna eskatzen du”.