Gazteentzako eskaintza zabala
Bihar, Idiazabalgo gaztelekua irekiko dute ia bi urtez itxita egon ondoren. Zegamako Udalak haurrentzako udako eskaintza prestatu du eta astelehenean hasiko da izen-ematea.
Aste Santuko oporren ondoren, Zegamako Bele gazte gaztelekua berriz ere martxan dago. Gaur, Olaberri eta Olaran auzoetako festak prestatzeko bilera egingo dute gazteek, eta maiatzerako eta ekainerako ere hainbat ekintza antolatu dituzte. Maiatzaren 7an izango da Olaberri auzoko festa eta gazteek jolasak egingo dituzte. Maiatzaren 14an, berriz, maratoi txikiko ibilbidea egingo dute, eta maiatzaren 21ean partaide berriei harrera. Ekainaren 4an pelikula emanaldia izango dute, eta ekainaren 11n, Olarango festetan, jolasak.
Idiazabalgo gaztelekua, aldiz, bihar irekiko dute ia bi urtez itxita egon ondoren, LH6ko, DBH1eko eta DBH2ko ikasleen topaleku izateko. Udaletxe zaharreko 3. solairuan egongo da gaztelekua. Bihar, 18:30ean, irekiera festa egingo dute. Gaztelekuaren aurkezpena eta askari handia izango dute.
Haurrentzako udako eskaintza
Zegamako Udaleko Haur, Nerabe eta Gazteen ekimenak eta parte hartzea sustatzeko zerbitzuak udaleku irekiak antolatu ditu ekainaren 22tik uztailaren 29ra, 2011 eta 2018 artean jaiotakoei zuzenduta. Astelehenetik ostiralera izango dira udalekuak, bi ordutegirekin, aukeran: 9:00etatik 13:00etara edo 10:00etatik 13:00etara. Lau orduko zerbitzuak 80 euroko kostua du, eta hiru ordukoak 70 eurokoa. 2019an jaiotako haurrentzat, berriz, Udako Haur Txokoa antolatu dute, data berdinean, 9:00etatik 13:00etara. Izena emateko epea astelehenean, maiatzak 2, irekiko da, maiatzaren 11ra arte. Interesa dutenek liburutegian eman behar dute izena tarte horretan, 16:30etik 19:00etara. Nerabeentzako eskaintza ere plazaratuko du udalak udarako. Gaztelekuan adostuko dute nerabeek ekaineko eta uztaileko ekintzen programazioa.