Jabier Ormazabalen omenezko lasterketa jokatuko da igandean
Junior mailako lasterketa izaten zen baina aurten kadete mailakoa izango da. 16:30etik aurrera 100 bat txirrindularik 58,5 kilometroko ibilbidea osatuko dute Germaneneatik irtenda
Jabier Ormazabalen omenezko txirrindularitza lasterketa jokatuko da igandean Seguran. Junior mailako lasterketa antolatu izan du Segurako Txirrindulari Elkarteak Ormazabalen oroimenez pasa den urteetan, baina aurten kadete mailako txirrindularien karrera izango da. 16:30ean hasiko da eta aurreikuspenen arabera 18:10 aldera bukatuko da. 58,8 kilometroko ibilbidea osatuko dute ziklistek.
Germanenean izango da irteera. Seguratik Zegamara joan-etorria egingo dute, eta Ihurretik Ormaiztegira abiatuko dira. Gabiriako bide berritik joan eta zaharretik itzuliko dira Ormaiztegira, bertatik Segurara joateko. Lasterketako bigarren zatia izango da gogorrena. Ihurretik barrena Ormaiztegira joango dira ziklistak berriz ere, eta azken kilometroetan Lierniko gaina eta Zerain igo beharko dituzte. Lierniko mendatea helmugatik 11,5 kilometrora igoko dute, eta Zeraingoa 4,5 kilometrora. Germanenean bukatuko da.
Boluntario bila
Ehun txirrindularik baino gehiagok parte hartzea aurreikusi dute. Segurako Txirrindulari Elkarteak 50 boluntario inguru beharko ditu igandean bertan proba antolatzeko. Lasterketa egunean bidegurutzeak zaintzeko prest dagoenak elkarteko kideengana jo behar du.
Elkarteak aurten antolatutako proben artean hirugarrena izango da kadete mailan igandean jokatuko dena. Seguran antolatuko den hurrengo lasterketa junior mailakoa izango da, ekainaren 4an, Euskal Herria Txapelketaren barruan.
Legazpin eta Lazkaon
Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioaren egutegi barruko Goierriko lasterketei dagokienez, igandean ere Espainiako Kopa jokatuko da Legazpin, 88. Santikutz Klasikan. Hurrengo asteburuan, berriz, maiatzaren 7an. Junior mailako txirrindulariek Lazkaomendiko XVLI. proba jokatuko dute.