Lazkao jaietako gailurrerantz
Zaindariaren egunean, ohiturazko ekitaldiak egin dituzte: agintarien soka dantza eta ardogoxo banaketa. Asteburuan iritsiko da gorenera jaia, haur eta kuadrilla
Ohiturazko eguna ospatu zuten, atzo, Lazkaon, San Prudentzio zaindariarena. Meza izen bereko ermitan eman zuten bi apaizek —Antton Etxebeste parrokoak eta beste gonbidatu batek—, baina aurreneko aldiz prozesiorik ez zuten egin haraino. Ondoren, ardogoxoa eta gailetak banatzeko ohitura zaharra berreskuratu zuten. Udal brigadako langileak aritu ziren partizioan, garai batean Albisu familiak egiten zuen usadioari eusteko.
Udaleko agintarien sokadantza izan zen eguarteko ikuskizuna, musika eskolako trikitilariek egun euritsua alaitzeko ahalegina egin ondoren. Bi udal talde politikoetako zortzi zinegotzik egin zuten dantza, euripean, Oin-Arin dantza taldeko dantzariek gidatuta eta udal txistulari bandaren doinura. Agintaldi honetako udalbatzak lehenbiziko aldiz egin du antzinako erritua.
Kanpoan bizi diren lazkaotar batzuk inguratu dira, herrira bisitan. Eguraldi bustiak asko narrastu zuen, ordea, egon-giroa. Arratsean, aspaldiko beste ezagun batzuek hartu zuten plaza: Joselu Anaiak musika talde araiarrak. Urteak ziren Lazkaon jotzen ez zutela. Klasikoen artean beste bat ere izan zen atzo, Arerian, Oskarbi musika taldea, 1966an sortua, Kantaka abesbatzarekin batera aritu zen.
Asteburuari begira
Umeen eguna ospatuko dute gaur Lazkaon, festetako egitarauaren mardulena garatuko den asteburuari ekiteko.
Kirolak pisu handia izango du. Lazkaoko 79. Proba txirrindulari lasterketaz gain, igeriketa lehiaketa, aizkora eta pilotako finala jokatuko dituzte. Pilotan, bihar arratsaldean, Joseba Barandiaran-Xabi Naldaiz eta Unai Bereziartu-Aitor Muruamendiaraz bikoteak ariko dira. Kontsolazio finala aurretik jokatuko dute.
Igandean, Urrezko Aizkolarietan 14 aizkolari eta bi harri jasotzaile lehiatuko dira. Festa jendetsuena bihar espero da, kuadrillen egunean; lagun-talde ugari elkartuko dira. Gauean Zetak musika talde ospetsuak kontzertua joko du, plazan.
Asteburuko egitaraua
GAUR, UMEEN EGUNA
10:00. Txistularien goiz eresia.
11:00 eta 19:00. Tolin mariatxia, gerontologikoan eta Orobionen.
17:00. Pilota finala.
18:00. Suthai batukada.
18:30. Elektrotxufla, txosnan, Giroan eta Herrikoan.
19:00. Haurren ‘play-back’-a.
19:00. Sardina jana.
22:00. Oihan Vega DJa.
23:00. Kontzertua txosnan: Perlata eta Xiberoots taldeak.BIHAR, KUADRILLEN EGUNA
09:30. Lazkaoko 79. Proba txirrindulari lasterketaren hasiera.
12:00. Sugarri txaranga.
12:30. Txirrindularien iritsiera.
17:00. ‘Ttiki Ttaka Irratia’ haurrentzat emanaldia, frontoian.
19:00. Rockalea taldea, kalean.
22:00. Tirri&Tery DJa txosnan.
23:00. Zetak taldea kontzertua.ETZI
09:00. Lazkaoko Bandaren goizeresia.
10:00. Igeriketa lehiaketa.
12:00. Bakailao lehiaketa.
13:00. Urrezko Aizkora saioa.
16:00. Toka txapelketa.
17:30. Dantza solte txapelketa.
19:30. Lazkaoko Musika Banda.