Lazkaoko Proba txirrindulari lasterketa, bihar
Afizionatu mailako proba beteranoa egingo dute bihar goizean, festen bueltan. Partaidetza handia espero dute.
Afizionatu mailako txirrindularien Lazkaoko 79. Proba bihar goizean jokatuko da. Euskaldun txapelketarako puntuagarria izango da, eta egutegiaren bigarren erdiari ekingo diote. Enekoitz Azparren dago erregulartasun lehiaketa horretako lider (81 puntu), eta Xabier Berasategi olaberritarra (74) eta Ailetz Lasa nafarra (66) daude ondoren.
Partaidetza oso handia izango da Lazkaoko Proban: 200 txirrindularik eman dute izena. 128,7 kilometro luzeko ibilbidea osatu beharko dute, hasiera batean aurkeztutako ibilbidea baino kilometro bat laburrago, zerbait moldatuta.
Txirrindulariak 09:30ean abiatuko dira Lazkaoko plazatik. Ordiziatik beherantz, Alegiaraino joan-etorria egingo dute lehenbizi, eta gorakoan Zaldibiara jarraituta, Larraitz mendatea (3.maila) igoko dute, 10:25 aldera.
Etapa gogorra izango dute, sei mendaterekin. Larraitz bi aldiz, Lazkaomendi Zaldibiatik gora bi aldiz, Olaberria (Lazkao aldetik) eta Gaintza (Zaldibiatik) gainditu beharko dituzte. Azkeneko 17 kilometroak berebizikoak dituzte, Gaintza (3. maila) eta Lazkaomendi (2. maila) jarraian kateatuko baitituzte, zuzenean helmugara iritsi aurretik.
Euskal egutegiko karrera zaharrenetakoa da Lazkaoko Proba. 1932ko, 1934ko eta 1936ko lasterketen berri bada hemeroteketan. Jose Gaztañagak irabazi zuen 1932ko proba, esprintean. 1934koan, ibilbidea Azpeitiaraino luzatu zuten, azken txanpan Ataundik bira egiteko. 1936an, berriz, irabazleari 250 pezetako saria eman zioten. 149 kilometro izan ziren.