Urretxuko Udalak paseoak antolatu ditu bakardade egoerak saihesteko
Lehen paseoa datorren asteazkenean egingo dute. Asteazkenero elkartuko dira, 15:00etan, Areizaga-Kalebarren plazan. Parte hartu nahi dutenek Gizarte Zerbitzuetara deitu behar dute
Urretxuko Udaleko Aniztasuna eta Bizikidetza Mahaiak Elkarbide paseoen bigarren edizioa antolatu du, bakardade egoerei aurre egiteko eta kohesio soziala bultzatzeko. Lehen zita datorren asteazkenean izango da: 15:00etan, Areizaga-Kalebarren plazan. Asteazkenero paseo bat egingo da, ekaina bitartean. Herritar guztiak gonbidatuta daude.
Ekimen hau 2021ean jarri zen abian, Aniztasuna eta Bizikidetza Mahaiak proposatuta. Izan ere, pandemiak isolamendu eta bakardade egoerak areagotu ditu eta kohesio sozialean eta osasun mentalean ere eragina izan du. Azken bi urteetan topagune asko galdu dira eta beldurrak eta ziurgabetasunak isolamendurako joera areagotu dute.
Aniztasuna
Elkarbide paseoek aire zabalean sozializatzeko aukera eskaintzen dute. Gainera, ibilbideak herritarren aniztasun fisikoa eta funtzionala kontuan hartuta diseinatu dira. Erabat irisgarriak dira.
Dinamika erraza da: parte hartzaileak eta dinamizatzaileak topagunean elkartu ondoren, biko edo hiruko taldeak osatuko dituzte. Baldintza bakarra, egun horretako paseoa aurrez ezagutzen ez den norbaitekin partekatzea da.
Elkarbide egitasmoan parte hartu nahi dutenek Urretxuko Udaleko Gizarte Zerbitzuetara jo behar dute, 943 03 80 83 telefono zenbakira deitu edo aniztasuna@urretxu.eus helbide elektronikora idatzi.
Lehen aldiz parte hartzeko asmoa duten herritarrek lehentasuna izango dute.