Musika eta festa, eskutik hartuta
Santikutz jaietan, musikaz betetako goiza izan dute gaur Legazpin, bandaren, musika eskolako banda txikien eta errondailakoen saioekin.
Musika izan da protagonista gaur, Legazpiko Santikutz jaietan. Doinua Musika Eskolako banda txikiak, gazte bandak eta Legazpiko Musika Bandak emanaldia egin dute kalean, Jesus Castillejoren gidaritzapean. Joxe Mari Gorrotxategi, bandako zuzendari izandakoa ere omendu dute ekitaldian; bandako bi kidek lore sorta bana eman diete haren seme-alabei.
Alaitsauna Errondailak ere egin du festetako emanaldia, Eli Gordoak zuzenduta.
Arratsaldean, herriko pilota txapelketako finalak eta elektrotxaranga izango dituzte, gauean berriz, Skakeitan taldearen kontzertua.