Santikutz festak, ganadu artean gaur
Ganadu feria izan da goizeko ekitaldi nagusia Legazpiko festatan. Joandako ganaduzaleak gogoratzeko tartea izan da, eta arkume errea, bertako produktuak eta artisau postuak ere bai. Plazan zezentxoak eta poniak izan dira, eta familia bazkarian 200 inguru lagun elkartu dira.
Asteburu jendetsuaren ondoren, aurrera jarraitzen dute Santikutz jaiek Legazpin, eta gaurko eguna ganadu feriarekin hasi da. Kale Nagusian 50-bat abelburu jarri dituzte ikusgai herriko ganaduzaleek, behiak, astoak eta behorrak eta ahuntzak tartean. Ganaduzaleen artean azken hilabeteetan joandakoak gogoratzeko tartea ere hartu dute, eta Luxio Arizmendi eta Ignazio Arsuaga omendu dituzte, senitartekoei koadro bat eta lore sorta bat entregatuz eta aurreskua dantzatuz.
Ganadu feriak 12. edizioa izan du gaur, eta berritasun bat izan du. Lakiolako idiaren inguruan lehiaketa bat egin dute: apustua egin, eta idiaren pisuari gehien hurbiltzen zenak bertako produktu lote bat jasoko zuen sari bezala. Pisua 1.064 kilokoa zen, eta Unai Segadek irabazi du saria.
Feria honetan arkume errea eta taloak jateko aukera ere izan da, eta bertako produktuen salmenta postuak eta artisauak ere izan dira, azken horien artean Xalinko keramika elkarteko kideak, erakustaldia publikoaren aurrean eginez.
Plazan, bitartean, zezentxoak eta poniak izan dira, eta familia bazkarian elkartu diren 200 laguni bazkaltzen emateko paella erraldoi bat prestatzen ibili da talde bat.
Gauean danborrada, bihar Santikutz eguna
Arratsaldean, Artistas del Gremio fanfarrea kalez kale ibiliko da 19:00etatik aurrera, eta ia 500 lagunen partaidetza izango duen herri danborrada 23:00etan aterako da Laubidetik, azken joaldia 12:00etan plazan egiteko. Su artifizialak izango dira gero, eta ondoren Los Cazahuates Mariatxia.
Bihar jaietako egun handia da, eta ezpata-dantza ekitaldia egingo da 12:00etatik aurrera plazan. Olaria sariak ere banatuko dira, Alaitasuna errondailari eta jaiotza egiten duen taldeari. Arratsaldean goitibeherak eta zaldi erakustaldia izango dira, eta amaitzeko, Demode Quartet taldearen emanaldia.