Agurra ea den urtebeterako
Lazkaoko San Prudentzio jaiek eman dute berea. 2019tik ospatu gabe egon izanak puztutako gogoa aise ase du asteburu luzeak. Jendetza handia ibili da larunbatean, eta askotariko ekitaldietan.
Ezinezkoa da hiru urtetako festak bakar batean berdin ospatzea. Baina ahalegindu dira lazkaotarrak. San Prudentzio jai beteak izan dira, azken traka luzea asteazken arratsetik igandera lehertuta. Askotariko ekitaldietan, lehiaketetan eta juntadizoetan jende asko elkartu da, batez ere larunbatean. Beste aldean, aipatzeko istripu, kalte edo erasorik deitoratu beharrik ez dago.
Umeen egunak ireki zuen asteburuko atea, ostiralean. Play-back kantaldian hamar taldek parte hartu zuten, eta hiru mailatan saritu zuten talde bana. Euskarazko abesti onenaren interpretazioak ere jaso zuen berea. Plaza beteak txalotu zituen.
Pilota txapelketa herrikoian bi final jokatu ziren. Kontsolamendukoan, Iker Izagirre-Beñat Urteagak, urdinez, 21-22 irabazi zieten Mikel Paredes-Aritz Agirreri. Lauzpabost tantoz atzetik joan ondoren, 21na berdindu, eta Urteagak txokoan dejadaz amaitu zuen iraulia.
Final nagusian, Xabi Naldaizek eta Joseba Barandiaranek jantzi zituzten txapelak, Unai Bereziartu eta Aitor Muruamendiarazen aurka. Txapelketan denera 22 bikotek parte hartu dute, bost multzotan bereizita.
Suthai batukadak festetan estreinaldia ostiralean egin zuen, nahiz lehenago kalean joak diren. Danbor hotsez astindu zuten herria, ekaineko topaketa erraldoiaren aurrekari. Gauean, jendetsua izan zen Oihan Vegaren musika jartze saioa.
Castrillo nagusi txirrinduz
Larunbatean, 79. Lazkao Proban egundoko tropela elkartu zen: 187 ziklista, 23 urtepekoak eta elitekoak, Euskaldun txapelketarako borrokan. Pablo Castrillo jacarrak (Lizarte) irabazi nahi zuen, eta lortu zuen. Hiru aldiz ihes egin zuen: lehenbizi Olaberrian gora, faboritoen zortzikotean; geroago Gaintzan berriz, baina beherakoan harrapatu zuen tropelak; eta, azkenik, Lazkaomendi erabakigarrian, bakarrik.
Hautsita iritsi zen tropela plazako helmugara, eta Xabier Berasategi olaberritarrak lortu zuen bigarren postua. 23 urtepekoak dira lehenengo biak. Imanol Alvarez sartu zen Berasategirekin, hirugarren, lehen elitea. 129 kilometroko etapa gogorra izan zen, sei mendaterekin.
Larunbatari benetako kolorea kuadrillek eman zioten. Eguraldi eguzkitsua lagun, blusak jantzita ibili ziren, egun osoan. Ginda, Zetak taldeak ipini zion, plaza jendez gainezka zela, gauean.
Lehiaketak eta dantza
Bukaera, ohiturazko igande lasaiagoak eman die jaiei. Bakailao lehiaketan hamaika bikote aritu ziren, 10:00etatik, bi kilo arrain prestatzen. Txapeldunen platera puntu bat gorago zegoela ebatzi zuen bost elkartetako kideek osatutako epaimahaiak.
Dantza solteko txapelketak 40. ekitaldia bete du. Gaztetxoen 14 bikote aritu dira, fandangoa eta arin-arina dantzatzen.













