Bost bertsolari goierritar, Txapelketa Nagusira bidean
Udazkenean jokatuko da Bertsolari Txapelketa Nagusia, eta dagoeneko jakinarazi dute izena emandakoen behin behineko zerrenda. Iturriotz, Urdangarin, Apalategi, Akizu eta Elustondo izango dira eskualdeko ordezkariak.
Pandemiak eragindako atzerapenak tarteko, 2022 honetako udazkenean jokatuko da Bertsolari Txapelketa Nagusia. Saioen eta kanporaketen inguruko informazio osoa ekainaren 22an emango dute, txapelketa aurkeztearekin batera. Aurretik, ordea, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak izena emanda dauden bertsolarien behin behineko zerrenda argitaratu du. Bost goierritar daude horien artean: Amaia Iturriotz Etxaniz, Iban Urdangarin Lardizabal, Iñaki Apalategi Astigarraga, Maialen Akizu Bidegain eta Nerea Elustondo Plazaola. Horiekin batera, Goierrirekin lotura estua duten Oihana Iguaranek eta Nerea Ibartzabalek ere parte hartuko dute.
Txapelketa Nagusian ariko diren bertsolari guztiek, herrialde bakoitzeko txapelketetan lortu dute parte hartzeko aukera. Arabako txapelketa atzeratu egin zen, ordea, eta ekainean jokatuko da. Orduan jakingo da behin betiko bertsolarien zerrenda. Behin-behineko zerrenda, Bertsozale Elkartearen webgunean dago ikusgai.