Danborrada jendetsua Legazpin
Guztira 13 konpainia atera ziren, zazpi danborrekin eta sei upelekin. Musikariak eta bestelakoak batuta, 400dik gora lagun ziren. Gaur Santikutz eguna da
Herri danborrada osasuntsu dago Legazpin. Bi urteren ondoren, maiatzaren 2ko gauan herriko kaleak danbor eta upel doinuez bete ziren, amaiera ekitaldia plazan egiteko. Idiak, zaldiak, musika banda eta hamahiru konpainia atera ziren, zazpi danborrekin, eta sei upelekin. Aurten erraldoiek ere parte hartu dute, lehen aldiz. Guztira, 400dik gora lagun ohiko martxak jotzen, eta bidean eta plazan, makina bat ikusle, ikuskizunaz gozatzen.
Amaieran, su artifizialak izan ziren plazan bertan, eta ondoren, mariatxi doinuak. Arratsaldean, berriz, El Gremio de Artistas fanfarreak alaitu zituen kaleak.
Gaur Santikutz eguna da, eta 12:00etan hasiko den ezpata-dantzarena izango da ekitaldi nagusia, Olaria sarien banaketarekin batera. Arratsaldean, 19:00etan hasita, zaldi erakustaldia egingo dute Ormazarreta zalditegikoek.